Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna izango da etzi, asteazkena, eta Zarauzko Udalak aurten ere bat egingo du egunarekin. Hain justu, urtean zehar Giza Eskubideen sustapenaren barruan bultzatzen dituen ekintza eta ekimenei ikusgarritasuna eman nahi die.
Asteazkenean bertan izango da hitzordu horietako bat: Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta UNRWA Euskadiren eskutik, Palestina Mapan ibilaldi solidarioa egiteko aukera egongo da Zarautzen. Herrian zehar ibilbide bat egitea da asmoa, tartean geldialdiak eginez, soinu istorioak entzuteko.
Hainbat arlo barne hartzen ditu jarduera honek; hala nola artea, hezkuntza eta teknologia uztartzen ditu, hausnarketa kolektiboa, enpatia eta palestinar herriarekin elkartasuna sustatzeko, soinuaren eta ilustrazioaren bidez kultura arteko ulermena bultzatuz. Jarduera doakoa izango dela argitu du udalak, baina beharrezkoa izango da aurretik izena ematea, ondorengo lotura honetan.
Horrez aparte, Guka Telebistan saio berezia eskainiko da asteazken honetan. Izan ere, udaleko Lankidetza arlotik 2025. urtean zehar diruz lagundutako proiektuak aurkeztu zituzten pasa den astean Modelo aretoan, eta gala bideoz emango dute orain Guka Telebistan. 21:00etan hasiko da saioa.
Milaka euro, laguntza humanitariora
Halaber, udalak gogorarazi du urtean zehar diruz laguntzen dituen lankidetza proiektuez gain, munduko leku ezberdinetako gatazka eta sarraskietarako laguntza humanitarioak ere ematen dituela.
Aurten, zehazki, 45.754 euro erabili ditu Zarauzko Udalak, eta kopuru hori honako ekintzetara bideratu du:
- Salvamento Maritimo Humanitario: 12.000 euro. Aita Mari erreskate itsasontzia erregaiz hornitzeko.
- Zaporeak: 9.000 euro. Lesbos uharteko Kara Tepe II errefuxiatu esparruan ur-edangarriaren banaketa egiteko.
- Convento de Santa Clara fundazioa: 5.754 euro. Ukrainiara laguntza humanitarioa eramateko.
- Saharautz: 9.000 euro. Sahararen aldeko elikagaien euskal karabanarako elikagaien eta higiene-produktuen erosketa eta horiek garraiatzeko kaxak eta karabanaren berri emateko kartel eta esku orriak.
- ACNUR: 10.000 euro. Hego Sudanera laguntza humanitarioa eramateko.
“Zarauztarrok, urtero, udal aurrekontuaren %0,7a bideratzen dugu kooperaziora", argitu du Jesus Arana Gizarte Politiketako zinegotziak. Ildo beretik, ondorengoa azpimarratu du: "Tokian proiektuak garatzen dituztenak, irabazi asmorik gabeko erakundeak osatzen dituzten pertsonak dira, eta pertsona horiek, beren konpromiso pertsonal eta kolektiboarekin, zarauztarron solidaritatea planetako lekurik behartsuenetara iristea ahalbidetzen dute”.