Estilita

Javier Aramendi 2026ko urtarrilaren 4a

Idazluma bat, koaderno baten gainean.

Javier Aramendik azaroko Zarautz Guka aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honakoa.

Hilero nire zutabe honen gainean ikusten nauzue; nire argazkia, hobeto esanda. Hilero nire zutabearen gainean jarrita, estilita bat izango banintz bezala. Estilitak Antzinateko aszetismo mota baten praktikanteak ziren. Munduko bizimoduari uko egin nahian, zutabe batera igo Jainkoarengandik gainerako fededunak baino gertuago egoteko, eta bertan urteetan bizi ziren, gau eta egun hantxe hausnarrean; edo beren baitan bildurik, han goian jarrita, inoren edo ezeren distrakziorik ez izateko. Grekoz stylos hitzak zutabe esan nahi omen du, eta hortik estilita izena.

Beharbada, Gukaren arduradunek pentsatu dute Elaia, Alex eta hirurok musengandik gertuago egongo garela zutabe buruan jarrita eta horrek mesede egingo digula. Eta egia da goialdetik ikuspegi zabala edukitzen dela, eta errealitatetik pixka bat aldenduta, tarte bat utzita, eguneroko zurrunbilotik burua aterata, hobeto hausnartzen dela.

Bestalde, ez litzateke plan txarra izango musekin denboraldi bat ematea, denboraldi bat Parnason ematea, konpainia onean: Kalioperekin (musika), Kliorekin (epopeia) edo Eratorekin (poesia), esaterako. Baina jainko-jainkosekiko harremanak ez dira errazak izaten. Haiekin ados egon ez edo kontrako iritzia azaldu, eta berehala haserretzen dira. Haserre bizikoak izaten dira, eta mendekua berehala bilatzen dute, eta ez nuke nahi, beren haserrealdietan egin ohi duten bezala, mendekuz erramu, orein edo beltxarga bihurtuta bukatu nahi. Alde horretatik ez genuke atarramentu onik aterako.

Latinezko stilus hitzak puntzoia esan nahi du. Erromatarrek puntzoia edo stilus delakoa argizari gainean idazteko erabiltzen zuten, eta hortik estilo eta estilografiko hitzak, besteak beste, sortu dira. Nik uste gertuago gaudela stilus honetatik lehen aipatu dudan stylos hartatik baino. Beraz, ahaztu zeru goiak, finean, arkatz sinple batekin edo ordenagailu arrunt batekin zerbait atsegin idazten ahalegintzen garen egile hilkorrak baikara. Nork bere estiloa erabilita, noski.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide