Felipe Eizagirre: "Etxerako ogia egiten hasi, eta okintzak harrapatu egin ninduen"

Aitziber Arzallus, Usua Garin eta Gorka Eizagirre 2026ko urtarrilaren 2a

Filosofia irakasteari utzi, eta duela urte eta erdi okindegia zabaldu zuen Oiartzunen, bizitoki duen herrian. Lokala bera ez da handia, baina izenetik izanera eta izanetik izenera, handi egiten duten xehetasun asko ditu. Azaroko Zarautz Guka aldizkarian argitaratutako erretratua da honakoa.

Filosofia irakasle ohia, arraunlaria izandakoa, iritzi emaile jardundakoa, dantzari ibilitakoa... afizio eta ofizio bat baino gehiago izan ditu Felipe Eizagirrek. Horietako edozeinek balio zezakeen bere erretratua egiteko, baina ez. Gaur egun ogibide duenaren bueltan jardun du Gukarekin, eta kasu honetan ogibide hitza bera ezin hobeto datorkio, ogia egitea baitu bizimodua ateratzeko bide.

Irakaskuntzan zebilela ekin zion okintzari. Sekula ez du ikastaro bat egin, bere kasa ikasi du dakien guztia. "Liburuak asko daude, txarrak eta onak, eta ahalik eta onenetatik edanez eta probak eginez joan naiz ikasten". Oraindik gordeta du berak egindako lehendabiziko ogi haren argazkia ere, garai hartan pisukide zuenak ateratakoa. "Etxerako ogia egiten hasi nintzen, eta okintzak harrapatu egin ninduen; ia-ia konturatu gabe gertatu den zerbait izan da. Labean ogi bat egin beharrean bi egiten dituzu, aldamenekoari bat oparitzen diozu, eskertua sentitzen zara, eta eskertua izate horrek berak ere katigatu egiten zaitu. Gainera, beti iruditu izan zait ogia opari on bat dela, lekurik ez baitzaio topatu behar eta efimeroa baita; jan egiten dugu eta kito". Ohartzerako, bezeroak ilaran zituen, berak egindako ogiagatik ordaintzeko prest zegoen jendea, eta horrek burua martxan jarri zion.

Halaxe, duela urte eta erdi urratsa egitea erabaki zuen, eta negozioa zabaltzea duela hamahiru bat urtetik bizileku duen herrian, Oiartzunen (Gipuzkoa). Harrezkero, etxean adina ordu edo gehiago pasatzen ditu Kontzejupe Plazan atondutako negozioan, Orea okindegian. Okindegi bati Orea izena jartzeak ez dirudiela oso originala? Bada, ez zion jarri ogia ore ama erabilita egiten duelako, amonaren abizena duelako baizik.

Okindegi bat baino gehiago

Lokala bera, tamainaz, ez da handia, baina izenetik izanera eta izanetik izenera, handi eta berezi egiten duten xehetasun txiki ugari gordetzen ditu. Izan ere, euskarari eta euskal kulturari eskainitako txoko bat ere bada Orea, edo agian hobeto legoke esatea euskara eta euskal kultura nortasunaren parte dituen gune bat dela, eta xehetasun bakoitzean antzematen dela hori. Eizagirrek berak dotore aletu eta xehatu ditu horiek guztiak Gukaren kameren aurrean.

  • Adina: 47 urte.
  • Ikasketak: Makina-erremintan goi mailako zikloa eta Filosofian lizentziatura.
  • Lanbidea: okina.
  • Okina ez banintz… auskalo!
  • Lanetik ateratzean gogoko dut… siesta egitea.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide