Herria egin, eragin

Elaia Aizpurua 2026ko urtarrilaren 6a

Herritar bat Palestinako bandera astintzen. (Guka)

Elaia Aizpuruak Biribilgunea atalerako idatzitako iritzi artikulua da honakoa. Azaroan kaleratutako Zarautz Guka aldizkarian argitaratu zen.

Mugimendu handiz betetako hilabetea izan da gure herrian amaitu berri den urria. Hileko azken egunean herriko Gurutxurtu aisialdi taldeak eskainitako Gau Beltzeko emanaldiaz gain, astebete lehenago Dandak gure Hiruputzu gaztetxean datozen hilabeteotan eskainiko dituzten kontzertuen berri eman zigun. Kuadrilla Egunean ere Bugi Bugi eta Txipristin aisialdi taldeek antolaturiko egitaraua: goitibeherak, paella lehiaketa, kontzertuak eta abar izan genituen giro apartean. Herritik eta herriarentzat antolatutako emankizunak, ez udan izan ditugun Los 40 Summer Music eta antzekoak bezalakoak. Pozgarria da gure artean zer-nolako eragileak ditugun ikustea eta modu batera edo bestera herri izaera zantzurik oraindik badela ikustea.

Gai atseginez izan ez bada ere, aurpegia emateko prest agertu dena izan da Zarautz, Palestinako genozidioaren aurkako manifestazioa, edo bizilagun baten erailketa matxistaren aurrean hainbat taldeek, tartean gure Morroxkek, deitutako mobilizazioa kasu. Zorigaiztoko azken gertakari horrek oihartzun handia izan zuen, eta gertatutakoa guztiz gaitzesgarria izan eta oraindik berdintasunean oinarritutako gizarte batera iristeko lan ikaragarri handia egiteke daukagula gogorarazten digun arren, Euskal Herriko gainontzeko herrietan emandako batasun zantzuek esperantza izpi bat uzten dute.

Gurean soilik ez, Euskal Herriko gainontzeko herrietan ere izan ziren Palestinar erresistentziaren aldeko kale agerraldiak, eta tokian tokiko zein eskala handiagoan izaten ari garen mugimendu guztia ezin aberasgarriagoa zaigu, batzuetan mobilizatu beharrik ez izatea askoz hobe bagenu ere. Ea eragile olatuak irauten digun.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide