Zarauzko hondartzan igandeetan jokatzen dena ez da soilik futbol partida bat. Herri oso baten nortasuna, ohitura eta hizkuntza jartzen dira mugimenduan hondar gainean. Goizeko lehen orduetan hasten dira taldeak hondartzara iristen: batzuk baloia eskuetan, besteak kafe beroa daramatela, eta beste batzuk irribarrez, jolaserako prest. Plaieroek badute zerbait berezia: auzolana, euskara eta kirola batzen dituen ekimen herritarra dira, eta urteak daramatzate Zarautzen bizitzaren parte izaten.
Aurten zerbait aldatu da, ordea. Ohiko txapelketara bestelako kolorea duen taldea sartu da lehian: Lakari-Arrano. Ez da talde arrunta; Zarauzko plaieroetan parte hartzen duen lehen queer taldea da. 32 lagunek osatzen dute, gehienak Zarauzkoak eta inguruko herrietakoak. Futbola modu librean bizitzea eta jolasa erdigunean jartzea da haien guztien helburua.
Hondartza, beraz, futbol zelai bat baino gehiago bihurtu da aurtengo denboraldian: topaleku bat da, non identitate ezberdinek espazio bera partekatzen duten, errespetuz eta naturaltasunez. Eta horrek badu indarra. Izan ere, Lakari-Arrano taldearen presentziak ez ditu soilik kolorea eta berritasuna ekarri hondartzara; ikusgarritasunaren eta inklusioaren aldeko urrats garrantzitsua izan da herrian. Kirolaren bidez, eta era berean jolasaren bidez, bizikidetza era naturalean eraikitzea posible dela erakutsi du Zarauzko hondartzan.
Ideia bat, lagunarte bat
Lakari-Arrano taldea ez da bat-batean sortu. Taldearen hazia iazko ikasturtean erein zuten espazio transfeministetan aritzen zen herritarrek. Hasieran lagunarteko zerbait zela azaldu du Joane Aldalur taldeko atezainak: "Futbola gustatzen zitzaigun askori, eta talde bat sortzea pentsatu genuen, serioegi hartu gabe, baina ilusio handiarekin". Hondartzak eman die aukera hori, plaieroak queer talde batentzat leku egoki bilakatuta.
Futbola gizonen kiroltzat hartu izan da ia oraintsu arte, baina hori aldatzea nahi dute. "Gizonek erentzat hartu duten kirola da, eta guk gurera egokitu egin dugu. Hondartzan jolastea horretarako aukera paregabea iruditu zitzaigun, serioegi hartu gabe, baina gure kirola ere izan daitekeela aldarrikatuz".
Taldeari Ostadar izena jarri nahi zioten hasieran, baina babesleen artean Lakari eta Arrano dituztenez, haien izenak hartu dituzte azkenean. "Bihotzean ostadarra daukagu, baina gure taldearen nortasunaren parte bihurtu da Lakari-Arrano izena ere", dio Aldalurrek.
Herriaren isla eta binarismoaren muga
Zarauzko plaieroak ez dira soilik futbol txapelketa bat, herriaren identitatea eta auzolana uztartzen dituen ekimena da. Bi astetik behin ehunka gazte eta heldu elkartzen dira hondartzan, euskara hutsean jardunez eta boluntarioek egiten duten lanari esker. "Plaieroek herriari egiten dioten ekarpena handia da", adierazi du Aldalurrek. "Azken urteetan emakumeen ligak indarra hartu du, eta gero eta talde gehiago sortu dira. Horrek erakusten du kirola egiteko gogoa eta aldaketa soziala elkarrekin eskutik doazela".
Hala ere, plaieroen egitura oraindik ere binarioa da. Emakumeek partidak zapatilekin eta porteria txikiagoekin jokatzen dituzte, eta gizonek oinutsik eta porteria handiagoekin. "Gure helburutzat ez dugu jarri hori aldatzea, baina espazio eroso bat sortu nahi izan dugu banaketa horretan kokatzen ez direnentzat", azaldu du atezainak. "Eta bide batez, herrian eztabaida piztea ere onuragarria dela iruditzen zaigu".
Beldurra eta urduritasuna
Taldeko jokalariak "emozioz eta urduritasunez" bizi izan dituzte lehen hiru jardunaldiak. "Hasieran beldur ginen ez genekielako jendeak nola hartuko gintuen; are gehiago jakinda esparru batzuetan ideia erreakzionarioek eta LGTBfobiak geroz eta indar handiagoa dutela. Baina, zorionez, plaieroetako antolakuntzak harrera beroa egin digu eta jaso dugun feedbacka oso positiboa izan da", esan du, pozarren.
Batzuen kritikak jaso dituztela aitortu badu ere, gehienek "natural" hartu dute talde berriaren parte hartzea. Ildo horretatik, Aldalurrek azpimarratu du taldea sortzea ez dela izan protesta ekintza hutsa, baizik eta egiteko eta partekatzeko modu bat: "Gure mezua ez da oihu bat; gure mezua jolasa bera da".
Talde bat baino gehiago
Lakari-Arrano ez da soilik futbol talde bat, komunitate bat ere bada. "Futbolean dakien jendea badago, baina badaude inoiz baloirik ukitu ez dutenak ere". Txandak, bazkariak, hamaiketakoak, erabaki partekatuak; taldean antolaketa horizontala dute. "Talde bat osatzea eta jendea mugitzea erronka handia da, baina motibazioa eta giro ona dira gure indargune nagusiak".
Antolakuntzak ez die inolako oztoporik jarri, eta taldean 32 kide izateak ez die logistika arazorik eragin. "Partidetara, gehienez, 18 lagun joaten gara, eta besteak animatzera, laguntzera eta argazkiak ateratzera joaten dira". Gainera, zaleak ere taldekidetzat dituzte. "Gure zaleak ere taldearen parte dira", esan du Aldalurrek.
Etorkizuna, futbolaz harago
Abian den denboraldirako helburuak argiak dituzte: minik ez hartzea, gol batzuk sartzea eta elkarrekin ondo pasatzea. "Gure garaipen handiena hori izango da: hondartzan barre egitea eta, oro har, eroso sentitzea", adierazi du atezainak. Futbola ez dute ulertzen lehia gisa, baizik eta harremanak sortzeko eta askatasunez aritzeko modu bezala. "Mutilen ligan ez genuen ikusten geure burua. Horregatik, naturaltasunez erabaki genuen emakumeen ligan jokatzea, gure erritmoan eta gure baldintzetan", azaldu du.
Etorkizunari begira, ilusioz daude. "Agian datorren urtean bi edo hiru queer talde izango gara, edo aparteko liga bat sortuko dugu", bota du. Erdi txantxetan hasitako ideiak mugimendua piztu du, eta Lakari-Arrano taldea beste errealitate bati ikusgarritasuna emateko eta askatasunerako espazio bat bihurtu da.
Ateak zabalik
Mezu bat ere helarazi nahi diete herritarrei: "Nahi duen oro etor daiteke gure partidak ikustera edo gurekin jolastera". Partidetan ez dute soilik jokalariak parte hartzen, inguruko jendea ere bertaratzen da haiek hauspotzera eta haiei laguntzera, eta giro ona, barreak eta euskarazko animo oihuak izaten dira nagusi. "Askok diote inoiz ez direla horren lasai sentitu horrelako espazio batean", zehaztu du Aldalurrek.
