Behatxuloa

Konektatuta eta bakarrik

Alex Gurrutxaga 2025eko abenduaren 13a

Pertsona bat, eskuetan mugikorra duela.

Alex Gurrutxagak idatzitako iritzi artikulua da honakoa, azaroko Zarautz Guka aldizkarian argitaratutakoa.

Tranbian sartu naiz, telefonoari begira. Normalean ez bezala, jende gutxi dabil. Mezu elektroniko bat bidali, telefonoa gorde eta begiak altxa ditut. Beste hiruzpalau pertsona, telefonoari begira haiek ere; eta adin handiko emakume bat, bakarrik.

Eta zer, Alex, esango didazue. Ba ergela sentitu naizela. Sentitu dut adin handiko emakume hori bakarrik utzi dugula, dudala. Sartu eta "kaixo" esan nezakeen, begietara begiratu sikiera, gizatasun pixka bat agertu. Baina ez, ergel halakoa, ez nengoen konektatuta, telefonoari begira nengoen.

Egoera arrunta da, beharbada. Bai, baina normala al da?

Beste kasu bat. Anbulatorioan gaude, txandaren zain. Aurrean, emakume bat eta bere zaintzailea. Ordu erdian, zaintzaileak ez du telefonoa askatu, ezta kideak begiak bilatu dizkionetan ere, ezta hitz egiten ari zitzaionean ere…

Hori ere geure buruari onartzekoa al da? Nik egunak pasatu ditut irudia burutik kendu ezinik.

Askotan esan izan da Robinson Crusoe, gaur, inon kokatzekotan, hirian jarri behar litzatekeela: ez ote dugun bakardade zitalena hortxe agertzen... Edo, akaso, koska bat estuago, lainoan jarri behar genuke (sarean, nahi baduzue, sarean harrapatuta gaudenez gero). Hor, are okerrago, seguru asko bakardadetik ez-izaterantz joko luke Robinson garaikideak.

Tarteka, Zarautzen bertan, ariketa xume hau egiten dut kalean noala: ea kalea amaitu arte zenbat pertsona ikusten ditudan telefonoari begira. Bakarrik doazenak soilik kontatuz gero eta probari aurikularrak edukitzeko aukera gehituz gero, segun non, ez da pertsona libre asko geratzen.

Konektatuta gaude, esaten dugu, geure burua kontsolatzeko seguruena, moderno itxura-edo emateko akaso... Baina nik uste ezetz. Nik uste deskonektatuta gaudela. Deskonektatuta ingurutik, ingurukoetatik, naturatik...

Iratzar fundazioak Txiki eta Otaegiri buruz egin duen ikus-entzunezkoan, hau entzun daiteke: "Autobusetan telefonoari itsatsita ikusten zaituztet, ordenagailuak dituzue lanerako, hiperkonektatuta zaudete, baina duela bost hamarkada baino bakartuago".

Igual xaloegia izango da hau esatea, baina mundua hobea izatea nahi baldin badugu, elkarrekin eta osasuntsu bizi nahi badugu, nik uste konektatzeko ahalegina egin behar genukeela, elkarri adi egotekoa, elkarri arreta eskaintzekoa...

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide