Etorkizunak itsutu gabe

Mireia Galarza Bastida 2025eko abenduaren 6a

Armairu bat, arropaz beteta.

Mireia Galarza Bastida kazetariak azaroko Zarautz Guka aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honakoa.

Armairua ireki, eta inoiz baino zailagoa egiten zait zer jantzi aukeratzea. Hor ditut, badaezpada, sandaliak, baita bainujantziak ere, etor daitezkeen eguraldi oneko egunetan aprobetxatzeko asmoz. Aldamenean, horiek ere badaezpada, prest ditut eguraldi hotzarekin erabiltzeko lehen bota pareak eta bufandatxoak ere. Ez dut uste hori egiten duen bakarra naizenik, eta kalera irtetea nahikoa da horretaz jabetzeko.

Mahuka motzetan ikus daitezke batzuk lasai asko, beste batzuk soinean aurpegirainoko jertsea daramaten bitartean. Inoiz baino tenperatura epelagoak ari gara izaten urteko garai honetarako, baina hor ditugu hotzetarako tramankuluak, etor daitekeenari aurre egiteko prest. Aurrera begira, baina ez arroparekin bakarrik.

Nor ez da jabetu "jan nazazu!" oihukatzen duten turroi eta bonboiak supermerkatuetako apaletan daudela dagoeneko? Gabonekin lotzen ditugu jaki horiek, baina jada hor daude, guk erosteko prest. Gabonekin jarraituta, hasiak dira kaleetan argiak jartzen han eta hemen. Beste adibide bat jarriko dizut, irakurle. Zergatik gaude beti pozik ostiraletan, oraindik laneguna badugu, eta triste igandeetan, errutinatik irteteko balio digun egunetako bat bada? Ezetz asmatu? Ba bai, etorkizunari so gaudelako!

Hala izanda ere, ausartuko naiz esatera inoiz baino ezinbestekoagoa dela iraganari ere begirada bat ematea, gure historian gertatutakoa ez ahazteko eta ostera ere errepikatu ez dadin. Zehazki, azaroan 50 urte beteko dira Euskal Herrira zorigaiztoa ekarri zuen diktaduraren estatuburua hil zela, Francisco Franco. Lehen begi kolpean ez dirudi urte gehiegi direnik, baina egiari zor, askorako eman dezakete.

Izan ere, beren azalean historia zati hori bizi zuten asko eta asko hil dira mende erdi honetan, eta egun helduarora iritsita dauden belaunaldiak ere jaio dira harrezkeroztik. Kontua da, baina, ea egun gai diren gazteenak gure historia baldintzatu zuen ia 40 urteko epean zer gertatu zen ezagutzeko. Halaber, azken hatsaren aurretik dagokie adineko guztiei beren bizipenak kontatzea, historiako liburu mardula orri batzuk gabe geratu ez dadin.

Horregatik, aurrerantzean, armairua irekitzerakoan, saia gaitezen guztiok soinean jantzi kritikoa ipintzen, muturreko nahiz barealdiko garaiak iristen direnean modako ideiek ez diezaguten eragin.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide