Euskalduntze berantiarraren inguruko saioa eskainiko dute gaur Photomuseumen

Aritz Mutiozabal 2025eko abenduaren 5a

Eztabaida sinplifikatuetatik haratago joateko proposamena egin nahi diete bertaratzen direnei. Saioa 18:00etan hasiko da, eta doako sarrera izango du.

Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, Euskara, historia eta identitatea berrirakurtzen: euskalduntze berantiarraren eztabaida ikus-entzunezkoa emango dute gaur arratsaldean, Photomuseumen; gela programaren barruko saioa izango da, eta ohi bezala, 18:00etan hasiko da.

Nolabait ere, euskal hizkuntzaren jatorriari, aldaketei eta inguruko eztabaidei buruz hausnartu nahi du aste honetako egitasmoak. Izan ere, proiekzioak Baskoniako "euskalduntze berantiarraren" hipotesia, euskara gaur egungo euskal lurraldean tradizionalki onartutakoa baino beranduago hedatu zela planteatzen du.

Lanak ikerketa arkeologiko, linguistiko eta historikoak biltzen ditu, iraganari ikuspegi kritiko eta ireki batetik begiratuz. Era berean, euskal nortasuna prozesu konplexu eta dinamikoen emaitza izan dela erakusten du. Hala, gaurko saioak eztabaida sinplifikatuetatik haratago joateko proposamena egingo die bertaratzen direnei.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide