Miren Vives: "Kirol instalazioen funtzionaltasuna definitzeko orduan, ez da kontuan hartzen genero ikuspegia"

Jone Bastida Alzuru ('Berria' egunkaria) 2025eko abenduaren 6a

Miren Vives Urbieta (ueu.eus)

Vivesek adierazi du hainbat kontu ez direla aintzat hartzen kirol azpiegituretan, eta haien diseinuaren inguruan hausnartu du. Azaldu duenez, kiroldegi asko herriguneetatik kanpo daude, eta segurtasun pertzepzioan eragina du horrek. Berria-k egindako elkarrizketa da honakoa.

Projekta Urbes hiri aholkularitzako proiektuaren sortzailea eta kidea da Miren Vives arkitektoa (Mendaro, Gipuzkoa, 1973). Zarautzen dute bulegoa, eta "gizartea helburu hartuta" egiten dute lan. Halaxe diote: "Erakunde publikoei ingurune osasungarri eta inklusiboak irudikatzen eta gauzatzen laguntzea da gure xedea". Lehen kolpean askok ez lituzkete lotuko kirola eta arkitektura, baina hor ere badago zer hausnartua eta zer kontatua. Donostian egindako Emakumeak eta Kirola kongresuan hitz egin zuen joan den astean, eta bertan, besteak beste, formazioaren beharra azpimarratu zuen.

Eraldaketarako ezinbestekoa da kontzientzia hartzea?

Bai, eta genero ikuspegitik formakuntza asko falta da. Askotan, azalean gelditzen gara, eta dezente dago sakontzeko.

Aipatu zenuen kiroldegiak askotan erdiguneetatik urrun egoten direla, hirien eta herrien kanpoaldean. Zer eragin du horrek?

Joaneko leku batzuk bihurtzen dira, baina ez pasaleku batzuk. Segurtasun pertzepzioan eragin handiena duen faktorea, gure ustez, inguruan jendea egotea da. Eta ordutegiek ere badute zerikusia. Azkenean, posible da kiroldegi bat edo kirol esparru bat herritik kanpo egotea eta arratsaldean joan-etorrian jende asko egotea, baina eguneko azken txandetan jada ez da hainbeste jende ibiliko, eta, horren eraginez, asko apaltzen da segurtasun pertzepzioa.

Hori aldatu beharra dago?

Bai. Kontuan edukita kirol eremuak handiak izan ohi direla, ez da erraza hiriko trama horretan sartzea, baina interesgarria izango litzateke ibilbide zirkular bat egotea, edo joan-etorria ez egitea leku bakarretik. Hala, lotura aberasgarriagoa sortzen da leku horrekiko.

Oro har, nola esango zenuke daudela diseinatuta kirol instalazioak? Genero ikuspegia aintzat hartzea falta da?

Normalean, gure ustez, esaten da gauza bat funtzionala dela eta objektiboki dela funtzionala. Eta funtzionaltasun hori definitzeko orduan, ez da kontuan hartzen genero ikuspegia, ezta beste ikuspegi batzuk ere. Erabaki da zer den funtzionaltasuna, eta funtzionaltasun horretan gauza asko falta dira. Beste gauza askotan bezala, pertsona autonomo batek erabili ahal izateko moduko lekuak dira, eta kiroldegi batean ez dira kontuan hartzen, adibidez, zaintza lanak. Ni ez naiz kirolaria, eta sufritu dut hori ama gisa. Kiroldegietan askotan ez dago zain egoteko lekurik. Batzuk lan erreproduktiboak joaten gara hara, zaintza lanetara, eta hori ere kontuan izan behar da. Denok ez dugu kafetegian edo tabernan egon nahi: aukera eman beharko litzateke denbora horretan beste zerbait egiteko. Oso eredu onak dira, adibidez, Gasteizko zentro zibikoak. Dena den, hori ez da soluzio bakarra. Kontrakoa ere egin daiteke: kiroldegi handi bat eduki beharrean, gauzak zatituta jarri. Hainbat erantzun eman daitezke, baina kontuan izan behar da kasuistika asko daudela.

Elkarrizketa osoa irakurri daiteke Berria.eus webgunean.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide