Kudeaketa prozesu luzearen ondoren, Eusko Jaurlaritzako Sprilur sozietate publikoak amaitutzat eman ditu Errotaberri industrialdea urbanizatzeko lanak. Guztira,18.500 metro koadroko lurzoru urbanizatua du eremuak, eta egindako obretatik erabilera industrialeko hogei partzela berri sortu dituzte; horietatik hamahiru sustapen publikokoak dira. Aurrekontuari dagokionez, 13,6 milioi euroko inbertsioa egin du Jaurlaritzak, non Zarauzko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak 1.570.368,99 euro jarri duten urbanizazio proiektuan laguntzeko.
Eusko Jaurlkaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburu Mikel Jauregik, Zarauzko alkate Xabier Txurrukak eta Industria Sustapeneko sailburuorde Andoitz Kortak Errotaberri bisitatu zuten atzo goizean, Sprilur reko zuzendari Txaber Ourorekin eta Beterri Kosta Industrialdeko zuzendari Jesus Mari Erañarekin batera.
Jauregi sailburuak Zarauzko udalaren prestutasuna eta lankidetza nabarmendu zuen proiektuaren garapenean, eta aditzera eman zuen Errotaberri dela Urola Kostan industria-lurzoru berria izateko egindako obrarik garrantzitsuenetako bat, "industria berria erakartzeko eta instalatzeko". Horrekin batera, "lanpostu kualifikatu berriak sortzeko Eusko Jaurlaritzak lurzoru industriala garatzeko egindako apustuaren adibide argia da”. Eskuzaitzeta eta Oikiako proiektuekin batera, Errotaberrikoa da azken urteetan Sprilur Taldeak-Eusko Jaurlaritzak Gipuzkoan industria-lurzorua sortu eta egokitzeko egin duen lanik garrantzitsuenetakoa.
Txurrukak eskerrak eman zizkion, Zarauzko Udalaren izenean, Eusko Jaurlaritzak-Sprilurek Errotaberri industrialdea zabaltzeko egin duen inbertsioagatik. Zailtasunak zailtasun "emaitzak merezi" izan duela adierazi zuen alkateak. “Lehenengo enpresa iritsi da jada Errotaberri industrialdearen zabalpenera eta lanean ari gara etorkizunean enpresa gehiago sustraitu daitezen gure herrian. Zarautzek behar zuen eta jada badu eskaintzeko lurzoru industriala”, gaineratu zuen.
Errotaberriko sustapen publikoko lursailetako baten ezarri den epresa Hosokawa da. Horrez gain, erreserba-kontratu bat sinatu dute beste enpresa batekin, baita Iberdrolarekin ere, instalatzen diren enpresei argindar-hornidura ziurtatuko dien azpiestazio berri bat instalatzeko.
Beterri Kostako Industrialdea izan da Hitzarmen Batzordeko presidentzia duena eta bera izan da urbanizazio-prozesua gauzatzeaz arduratu dena. Prozesuan zehar, ondorengo jarduera bereizgarri hauek egin dituzte: Olaa errekastoa bideratzea sektoreari eragiten zion uholde-arriskua saihesteko, URAk 2019. eta 2020. urteen artean egindako proiektua; Errotaberri eta A8 autobidearen gaineko zubia lotzen dituen bidea eta hiri-bilberako sarbidea eraikitzea; eremuan finkatutako enpresekin egindako lankidetza-akordioak, besteak beste, irisgarritasun-baldintzak hobetu dituztenak; Etxetxo baserriaren behin betiko integrazioa, hasierako proiektuan aurreikusitako eraistea baztertu ondoren.
Zarauzko Udalak jakitera emna duenez, Errotaberri eremuak 195.500 metro koadroko azalera du, eta 96.000 metro koadro baino gehiagoko eraikigarritasuna. Horietatik 38.112 metro koadro urbanizazio-prozesuaren aurretik abian zeuden jarduerekin finkatutako pabiloiei dagozkie.