Ostiralean zabalduko dute Narrosko Gabonetako Jaiotza

Julene Sorarrain 2025eko abenduaren 2a

Schola Cantorum abesbatzako eta Erregeak taldeko kideak, Gabonetako Jaiotza muntantzen. (Aritz Mutiozabal)

Urtarrilaren 6ra arte egongo da ikusgai jaiotza, egunero, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara bitartean.

Abenduko zubiarekin batera, ostiralean zabalduko ditu ateak Schola Cantorumek antolatutako Narros jauregiko Gabonetako Jaiotzak. Urtarrilaren 6ra arte egongo da irekita, egunero, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara bitartean.

Ostiraleko irekiera ekitaldian izango dira, besteak beste, abesbatzako eta Zarauzko Udaleko ordezkariak, esker oneko hitzak eskaintzeko. Ondoren, koruko omenduak izango du Narrosko ateak zabaltzeko ardura. 

65 urteko historia

1829. urtean fundatu zuten Schola Cantorum abesbatza, eta taldekideek uste dutenez, 1961. urtetik darama Zarauzko Jaiotza antolatzen. Garai hartan, ordea, oso irudi gutxik osatzen zuten jaiotza, eta oro har, eskaiolazkoak edota egurrezkoak ziren.

1988tik aurrera, ordea, abesbatza Zarauzko Udalaren diru laguntzak jasotzen hasi zen, eta hala, pixkanaka irudi berriak gehitzen joan dira, gehienbat poliesterrarekin eginak, iraunkortasun handiagoa izan dezaten. 

Zarauzko Jaiotzak duen berezitasuna da benetako tamaina duten irudiek osatzen dutela. Nahia Zarauzko Artisauen Elkarteak zaharberritutako zurezko irudi primitibo batzuk ere mantentzen ditu oraindik, hala nola, haur dantzarien taldeko gaita jotzailea. Hori ez ezik, Palmiro Haro eskultoreak edota Artezaleak taldeak ere lagundu dute jaiotzan, zeramikazko pieza berriak sortuz.  

Gainera, aurten lehenengo aldiz, herriko mezenas batzuek ekonomikoki lagundu dute abesbatza, hala nola, Zurekin Zarauzko Ostalarien Elkarteak, Marmarra Okelanek, Biyona janari dendak, Surtidor kafetegiak, Murkil Zarauzko Dendarien Elkarteak eta Batela arrandegiak. Laguntzen bitartez, abesbatzak irudi batzuk zaharberrituko ditu.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide