Urola Kostako ordezkaritza nabarmena izango da 2026ko urtarrilaren 26an Pontevedran (Galizia) banatuko diren Feroz sarien hautagaitzen artean. Atzo, osteguna, jakinarazi zituen kategoria guztietako hautagaien zerrendak Espainiako Informatzaile Zinematografikoen Elkarteak, eta horien artean azaltzen da Iraia Elias zarauztarra. Eskualdeko beste hiru aktore ere badaude zerrendan: Kandido Uranga, Elena Irureta eta Nagore Aranburu. Taldeko emakumezko onenaren saria jasotzeko hautagai dira Elias zarauztarra, Irureta zumaiarra eta Aranburu azpeitiarra. Sari berdinerako hautagaia da Kandido Uranga zumaiarra ere , gizonezkoen taldean.
Iraia Eliasek ETAn infiltratutako agente baten istorioa kontatzen duen Un fantasma en la batalla pelikulan parte hartu du aurten, eta ama izatera doan emakume gor baten kontakizuna jasotzen duen Sorda filmean lan egin du Elena Iruretak.
Zazpi izendapen ditu Jose Mari Goenagak eta Aitor Arregik zuzendu duten Maspalomas filmak, horien artean, Kandido Urangari dagokiona. Pelikula horretan, protagonistari (Jose Ramon Soroiz) egoitzan esleituko dioten gelakidearen pertsonaia jorratzen du Urangan.
Pelikula horretan parte hartu zuen Nagore Aranburuk ere, baina, bere kasuan, Alauda Ruiz de Azuaren Los domingos filmean egin duen lanarengatik izendatu dute bere hautagaitza. Bigarren urtez segidan izango da Aranburu Pontevedrako galan, iaz Feroz saria irabazi baitzuen Querer telesailean egindako lanarengatik.