Hilberria

Iñigo Letamendia zendu da, Pukaseko sortzailea

Aritz Mutiozabal 2025eko azaroaren 21a

Iñigo Letamendia eta Marian Azpiroz, 2018ko omenaldian (Onintza Lete Arrieta)

Donostiarra zen jaiotzen, baina 70eko hamarkada erdialdetik zarauztartuta zegoen. 77 urte zituela hil da gaur, Pukas Surf etxeak bere Instagram kanalean jakinarazi duenez. Euskal surfa irauli zuen, besteak beste, munduko txapelketak bertan antolatuz.

Iñigo Letamendia zendu da, Pukas dendaren eta surf oholen sortzailea eta munduko surf txapelketak Euskal Herrian antolatzen lehenengotarikoa. Pukas Surf etxeak berak eman du jakitera berria Instagram bidez, eta bertan argitartu duen oharrean argi eta garbi utzi du bizitzeko bere ikuspegi ez konbentzionalak eraman zuela surf abentura epikoak bizitzera, zeinak bultzatu zuen Pukas sortzera, 1979an. Edonola ere, Marian Azpiroz emaztea eta biak proiektuan buru-belarri murgildu aurretik, Jeronimo izeneko surf dendan aritu ziren beste kide batzuekin batera.

1980ko hamarkadan surf eta skate kulturak egundoko gorakada izan zuen, eta, zentzu horretan, Letramendia aitzindaria izan zen. Alde batetik, dendan saltzen zituen arropengatik eta materialengatik, baina batez ere, surf taula artisauak ekoizten zituelako; lehen taula lantegia Zarautzen ireki zuten 1980ean, eta beranduago, 1988an, beste bat Oiartzunen.

Hain justu ere, 1988an antolatu zuten mundu mailako lehen surf txapelketa Zarautzen, non sekulako ikusmin piztu zuen Euskal Herri osoan. Hurrengoko urteetan ere edizio berriekin jarraitu zuen. Letamendiaren eskutik etorri ziren herrira Tom Curren, Derek Ho, Damien Hardman, Barton Lynch, Tom Carroll, Martin Potter, Mark Occhilupo eta Sunny Garcia. Azken horrek, gainera, Munduko Txapelketa irabazi zuen Pukas taularekin, 2024an.

Mugak gainditu ditu Pukas etxeak, baina harrobia kontuan izan du beti eta etxeko surfalariak ongi zaindu izan ditu, besteak beste, Ibon Amatrian, Aitor Frantzesena Gallo eta Aritz Aranburu. Hori horrela, 2018an, Zarauzko Udalak omenaldi herrikoia egin zion Letamendia-Azpiroz familiari, estreinako txapelketa haren 30. urteurrena gogoan hartuta. Udalak Jose Luis Lasa artista zarauztarraren olatu itxurako eskultura bat oparitu zien, gaur egun Borghetton dagoena ikusgai.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide