Zarauzko Udalak azpimarra berezia egin nahi izan die urtez urte Gabonetan zehar ekitaldiak antolatzen dituzten hainbat eragileei eta egileei, eta horri dagokion balioa emateko, Gabonak Zarautzen izeneko egitarau osoa bezain oparoa aukeztu berri du. "Sasoi berezi hauetan antolatzen diren ekintza guztiak batu ditugu, programazio berezia osatuz, giroa indartu dadin herrian", aditzera eman du Xabier Txurruka alkateak.
Zentzu horretan, aurten ere ez dute hutsik egingo Schola Cantorum abesbatzak antolaturiko Narroseko Jaiotza, Bizar Zuri eta Errege Magoen desfilea, Haur Kultur Taldeak aurrera erematen duen Haurren Hamabostaldia –haur-parkea, txu-txu trena, pailazoen antzezlana eta abarrekin–, eta Antoniano Kirol Elkartearen San Silbestre lasterketa, besteak beste. Udako egitarauaren antzeko formatua erabili dute Gabonetako ontzerakoan, eta, guztira, 80 ekitaldi baino gehiagoz gozatzeko aukera izango da azaroa amaieratik eta Errege Egunera bitartean.
Aipatu egitaraua osatze aldera, Murkil eta Zurekin elkarteekin elkarlanean, Gabonetako Azoka antolatzeko apustua egin du udalak. Amalur parkean egongo da kokatuta hilabetez, abenduaren 5etik urtarrilaren 5era, eta Nahia artisau elkarteak kudeatuko du; jan-edanen postuaz, berriz, ZKEko errugbi taldea arduratuko da. Postuez gain, haurrentzako karrusela ere izango da azokan eta, asteburuetan, ostiral arratsalde eta larunbatetan, atrakzio bereziak ere eskainiko dituzte doan: 28 metroko luzera duen trineo-puzgarri bat eta eski simulatzaile bat, hain zuzen ere. Datorren astean hasiko dira azokaren muntatze lanekin.
Erreferentziazko kokagunea
“Gure asmoa da kokagune erakargarri bat sortzea Amalur parkean", zehaztu du Txurrukak. “Gisa horretan, Zarauzko Gabonek bisitatu beharreko erreferentziazko bi gune izango dituzte aurten: batetik, Narroseko Jaiotza eta, bestetik, Gabonetako Azoka. Batetik bestera joateko Alde Zaharra zeharkatu beharra dago, eta, gisa horretan, erdigunea dinamizatu nahi dugu, herriko merkatarien eta ostalarien eskaintza sustatzeko”, gaineratu du.
Gabonetako Azokak ere azken urteetako Erdi Aroko Azoka ordezkatzen du. Aurten, zubirik ez dela izango, eta modelo horrek atseden bat behar zuela ikusita, "zerbait ezberdina" egitea otu zaiela arrazoitu du alkateak: "Erdi Aroko Azoka ezaguna zen, eta funtzionatzen zuen hein batean, baina pentsatzen dugu gauza berriak egitera ere ausartu behar dugula eta Zarauzko elkarteen eskutik baldin bada, askoz ere hobeto".
Hori horrela, Zurekin eta Murkil elkarteekin lankidetzan, "oso ikusgariak" izango diren kale-ikuskizunak antolatuko ditu larunbatetan udalak; 18:30ean abiatuko dira Gaztainpe plazatik eta erdiguneko kaleetan zehar ibili ondoren, Gabonetako Azokaren ateetan bukatuko dute.
Argien piztuera
Gabonetako argien piztuera ekitaldia azaroaren 28an izango da, datorren ostiralean, 18:00etan, eta eta, aurten, urte amaierako San Silbestre lasterketa antolatzen duen Antoniano Kirol Elkateko kideek izango dute ohore hori. Udalak lasterketaren sortzaileak eta antolakuntzaz arduratzen diren kideak eskertu nahi ditu, eta bereziki Aitor Gonzalez Amilibia eta Javier Bravo Rodriguez. Bi horiek izango dira, atleta gazteekin laguntzarekin, argiak pizteko ardura izango dutenak.