Analisia

'Esnatu ala hil'

Josu Txapartegi 'Txapas' 2025eko azaroaren 23a

Goikoetxea, 'Esnatu ala hil' liburua eskuetan duela. (Utzitakoa)

Josu Txapartegi Txapas-ek Esnatu ala hil. Euskararen oraina eta geroa, diagnostiko baten argitan liburuaren inguruan egindako laburpen eta moldaketa da honakoa. 

Iñaki Iurrebaso soziologoak eta Garikoitz Goikoetxea hizkuntza-plangintzetan adituak atera berri dute Esnatu ala hil  liburuak askorako emango du. Urteetako lanaren ematza izanik maisuki ikertu dituzte euskararen aldeko elementuak, aurkakoak ere bai, aurrera begirako zertzelada garrantzitsu batzuk ematea ahaztu gabe. Behar genuen hausnarketa.

Liburua probestuz egin nahi dudan ekarpentxo honek beste helbururik ez du: Liburuan dauden ideien bilduma egin eta ahal den euskaldun gehienen mahaira ekarri. Esaldi eta ideia gehienak bere horretan jaso ditut Esnatu ala hil liburutik. Zerbait oker ulertu badut nire zakura jaso beharko da. Euskararen etorkizuna liburuak planteatzen dituen ideien arteko eztabaidan askatuko dela sinestuta nago. Ekarpentxo hau irakurtzen dutenak liburua bera irakurtzera animatu nahi nituzke.

Lehendabiziko puntuan jaso ditut euskararen alde lerrokatzen diren indarrak. Bigarrenean aurkakoak. Eta hirugarrenean, etorkizunerako liburuak proposatzen dituen ideia interesgarriak.

1.- Euskararen aldeko haize ufadak

Euskararen osasun orokorra hobea da, duela 60-70 urtekoa baino. Azken 30 urteotan hazi egin da euskaraz dakitenen kopurua, zenbat eta gazteagoa izan, euskaraz dakitenen ehuneko handiagoa da. Oraingo gurasoak euskara gehiago ari dira transmititzen seme-alabei, eurek umetan jaso zutena baino, eta erdaraz hobeto moldatzen direnak ere saiatzen dira seme-alabak euskaraz hazten.

Haur eta nerabeen hizkuntza sozializazioan euskararen alde egiten dute familiak eta eskolak, saldo orokorra positiboa izan da hamarkada hauetan, handiagoa baita euskararen pisua gaur egungo belaunaldi berrietan. Gainbehera handian zihoan euskara, galtzeko bidean zuzen-zuzen, baina euskararen komunitatea gai izan zen egoera iraultzeko eta indartze fase bat abiatzeko.

Orokorrean, hizkuntza transmisioak euskararen alde egin du, familiak eta eskolak eraginda; eremu batzuetan areagotu egin da da erabilera, seme-alabekin, baita ere eremu formaletan, lantokian, zerbitzu publikoetan gehiago egiten da euskaraz. Hiztunen atxikimendu handia dauka euskarak eta euskaltzaletasunarekin batera egin du aurrera hizkuntzak. Bizinahi sendoa duen komunitatea gara, eta hiztunen atxikimendua eta euskararen aldeko jarrera indargune sendoenak dira. Ondorengoei hizkuntza transmititzeko bulkada indartsua dute euskaldunek.

Uste izatekoa litzatekeen baino gehiago erabiltzen da euskara; euskaldunak leial dira euskararekin eta ahal dutenean erabiltzen dute. Zenbat familiak erabaki dute umeei euskara transmititzea, nahiz eta erdaraz aiseago egin; bostetik bi euskaldunek darabil egunero euskara gaztelania edo frantsesa baino gehiago. Euskara asko erabiltzen da gaitasunaren aldetik daukan zorurako, hori da indarguneetako bat; euskara ez dago ahul erabileran, erabilera handia da, ikusita zer aukera dagoen euskara erabiltzeko orduan. Nahiz eta erosoago aritu erdaraz, euskararen hautua egiten dute askok, baita euskaldun ez diren askok ere, ahalegin berezia seme-alabak edo inguruko haurrak euskaldun hazteko. Eskolatik aparte, beste inon baino gehiago egiten da euskaraz etxean haurrekin; kalean ere haurrekin egiten da euskaraz beste inorekin baino gehiago. Eremu batzuetan areagotu egin da erabilera, seme-alabekin eta baita eremu formaletan, lantokian eta zerbitzu publikoetan. Azken hamarraldietan sozializazio-prozesu nabarmen aldekoagoa eduki du euskarak.

1960ko hamarkadan irauli zen transmisioan zegoen galera, eta gaur arte heldu da ildo hori. Hizkuntza gutxituetan arruntak ez diren ezaugarriak ditu euskarak: arlo formalean gehiago erabiltzen da informalean baino, belaunaldi berriek erabiltzen dute adinekoek baino gehiago, dagoen gaitasunerako handia da erabilera, transmisioa indargunea da... atxikimendu handiko komunitatea baten argazkia. XX. mendearen lehen erdiko dinamikan, hiltzea tokatzen zitzaigun. Orduan hasitako olatu pizkundeari esker, komunitate bizia gara oraindik. Komunitate bizia, eta bizi handikoa. Euskaraz egiten dugun bakoitzean ekarpena egiten ari gara hizkuntzaren indarberritzeari. Galdua zegoen lurralde-eremuetan asko aurreratu du euskarak.

 

2.- Euskararen kontrako haize bufadak

Espainiak eta Frantziak babesten dituzte bere bi hizkuntza ofizialak, euskarak ez du estatu propiorik. Funtsezko alderdia da estatua izatearena, euskarak ez du legezko inongo estatusik, eta legezko ofizialtasuna duen eremuetan ez dago gaztelaniaren parean, subordinatuta baizik.

Hizkuntza-bilakaerak ahuldu egin du euskara eta indartu gaztelania/frantsesa. Boterea erdaraz mintzo da Euskal Herrian, euskara da transgresioa. Frantsesa eta gaztelania inposatzen zaizkigu legez, baina euskara omen da “inposizioa”. Txikitatik barneratu dugu erdara geureganatu behar dugula bizitzan aurrera egiteko.

Larria da euskararen egoera, minorizazio gorrian zegoen eta minorizazio gorrian dago, erderarekin erabateko desorekan, hutsetik gertuago orekatik baino. Minorizazio-egoera gordina erakusten dute adierazle demolinguistiko nagusiek: erabilerak, gaitasunak, lurralde nagusitasunak, transmisioak eta hizkuntza-bilkaerak. Euskara hizkuntza bazterrekoa da Euskal Herri gehienean. Euskal Herriko populazioaren %87 aritzen da nagusiki erdaraz. Euskararen erabilera jeitsi egin da lagunartean eta bikote, neba-arreba eta gurasoekin, familian harreman-sareak ez dira gehiago euskaldundu. Erdara lehen hizkuntza dutenen erabilera pisu erlatiboa irabazten ari da. Bostetik hiru euskaldunek, gehienak beraz, eguneko jardunean erdara erabiltzen dute.

Sintoma kezkagarriak daude, adibidez, nola diharduten euskarazko ereduetako irakasle-ikasleek eskoletako korridoreetan. Azken 30 urteotan ez da areagotu errazen euskaraz aritzen direnen kopurua, testuinguru demolinguistikoak erdarara hurbiltzeko eta euskaratik urruntzeko etengabe elikatzen da botere-desoreka honetan. Adinean gora egin eta eskolako erabilera informala jeisten hasten da. Hor sortzen da erdalduntze goiztiarraren fenomenoa, txikitan euskaraz egin bai baina laster erdalduntzen doazen haurren kasua, etxean euskara jaso arren, oso txikitan ikasi dute erdara eta umetan hasi dira erdara erabiltzen euskara baino gehiago. Etxean euskara jaso duten haurren ehunekoak ez du izan aurrerapen handirik azken bi hamarkadetan. Hamarretik bederatzi erdara nagusi den lekuetan bizi dira Euskal Herriko haur eta gazte gehienak. Haur eta nerabeen hizkuntza sozializazioan erdararen alde egiten du testuinguru hurbilak, eta baita hedabideen eta kulturaren kontsumoak.

Ez genuen pentsatu ere egin euskarak atzera jo zezakeenik bere zituen eremuetan, baina, arnasguneen galeraren eragina orokortu egin da. Alde subjektiboa ahultzen ari ote den zantzuak ugaritzen ari dira eta aurkako posizioak indartzen.

3.- Haizete artean egin beharreko hausnarketak

Berez linguistikoak ez diren errealitateak eragin determinantea dute hizkuntzen dinamikan. Euskararen aldeko balizko aldaketa, prozesu orokorrago baten parte izango da, euskal nazioa esnatuko duen olatu baten parte. Sortu behar dugu diskurtso bat azalduko duena euskararena auzi politikoa dela, egoera horren oinarrian zapalketa dagoela, euskara herri baten funtsezko identitate-osagaia dela, euskararen herri izatearen harrotasuna azpimarratu, gure aurrekoek egindako ahalegina; jarrera aktibo militantera dei egingo duena, baloratuz ahalegin pertsonal eta kolektiboa. Agerian jarriz zein hizkuntzaren alde eta zeinen aurka dauden pribilegioak eta inposizioak. Gaur ez daukan lege-babesa behar du euskarak, pertsona eta erakunde oro bustiko duten politikak. Gaur egungo egoera soziolinguistikoan, lehentasunezkoa da euskara nagusi izango den lurralde-eremua babestea, trinkotzea eta hedatzea.

Erabilera indartzeko, gaitasunaren zoruari heldu behar zaio, euskal nagusitasunezko hiztunak sortu, euskara sailak erdigunean jarri, arnasguneetan sendo eragin. Arreta berezia jarri euskaraz erraz arituko diren hiztunak babesteari eta sendotzeari. Euskaraz ahalik eta normalen biziko den haur eta nerabeen multzoa sendotzea eragin garrantzitsua izan dezake euskara hain gertuko ez duten adinkideen artean ere.

Euskal komunitatean autoestima gehiago landu. 1960ko olatuak ekarri du euskararen indarberritzea honaino, beharrezkoa da bultzada berri bat. Etorkizuna oso bestelakoa izan daiteke hizkuntza-polítika egokiekin eta hiztunen aktibazioarekin. Badugu aukera eta oinarria euskara aurrera ateratzeko, eta bidea baikor egin behar dugu, atseginagoa da, eta eragingarriagoa. Eredu izango diren hiztunak beharko dira, ingurukoak ere euskarara erakarriko dituztenak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide