Imanol Urbieta Udal Musika Eskolako ikaslea eta irakasleak kalejiran irtetekoak ziren atzo arratsaldean, Musikalean egitasmoaren barruan, Musikarien Nazioarteko Eguna ospatze aldera. Euriak, ordea, hasierako plana zapuztu zien, baina ez ordea jaialdia. Musika eskolako aterpeak baliatu zituzten azken asteotan entseatutako abestiak gurasoen eta gertukoen aurrean interpretatzeko.
Estu samar, baina musikaren, musikarien eta musikazaleen berotasunean emanaldi ederraz gozatu zuten bertaratu zirenek, eta, nola ez, musika tresna jakin bakoitzarekin trebatzen ari diren ikasleek beraiek ere, baita lotsarik gabe kanta-kantari aritu ziren txikienak ere.
Ikusi mendizaleak, Behin betiko eta Bizitza kantu bat da bezalako piezak ez ziren falta izan arratsalde petralari aurpegi alaia jartzeko. Eta irribarrea are biderkatu zen saioaren amaieran, parte hartzeile guztientzako txokolate beroa eta opiltxoak banatu zituztenean.