Santa Zezilia egunari lotuta, kontzertu berezia eskainiko dute larunbatean

Intza Trula 2025eko azaroaren 20a

Goizeko Ihintza txistulari taldea kontzertu bat ematen, Lege Zaharren Enparantzan. (Mireia Galarza Bastida)

Herriko txistulariek eta abesbatzek emanaldia eskainiko dute Musikarien Nazioarteko Egunean. Lizardi aretoan izango da kontzertua, 20:00etan.

Musikarien Nazioarteko Eguna da azaroaren 22a, eta herriko txistulari taldeek eta abesbatzek bat egingo dute egun horretan, emanaldi berezi bat eskaintzeko. Lizardi aretoa doinuz jantziko dute larunbatean; 20:00etan hasiko da kontzertua, eta sarrera doakoa izango da.

Zelai Ondo auzoan elkartuko dira musikariak, eta han pare bat abesti jo ondoren abiatuko dira Lizardi aretorantz, kalejiran. Ondorengoak dira ekitaldian parte hartuko duten taldeak: Zarautz abesbatza, Montetxio abesbatza, Udaberri abesbatza, Txinpirin eta Zarazte gazte abesbatzak, Gure Boza kantu taldea, Goizeko Ihintza txistulari taldea, herriko txistulariak eta Zarauzko Musika Bandako musikariak.

Mitxel Murua idazleak egingo ditu aurkezle lanak, eta bertaratzen direnek hamalau pieza entzuteko aukera izango dute, Imanol Urbietak sortutakoak gehienak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide