Julen Alberdi eta Mikel Larrañaga sailkatu dira Euskal Timber txapelketako finalera

Julene Sorarrain 2025eko azaroaren 17a

Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarra eta Mikel Larrañaga azpeitiarra abenduaren 20an Zarautzen jokatuko den finalera sailkatu dira. Larunbatean jokatu zuten kanporaketa Astigarragan, eta bigarren nahiz bosgarren postuak eskuratu zituzten bertan.

Euskal Timber txapelketako kanporaketa jokatu zuten Astigarragan (Gipuzkoa) pasa den larunbatean. Guztira 23 kirolarik parte hartu zuten proban, eta 16 onenak sailkatu dira finalera, tartean Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarra eta Mikel Larrañaga azpeitiarra. Alberdik sailkapeneko bigarren denbora onena lortu zuen, eta Larrañagak, aldiz, bosgarrena.

Honako lanak bete behar izan zituzten parte hartzaileek, hala nola, 40 zentimetroko enborra motozerrarekin moztea, 30 zentimetroko etzandako enborra aizkorarekin moztea, 40 zentimetroko enborra zerrarekin moztea, eta azkenik, 30 zentimetroko zutikako enborra aizkorarekin moztea. 

Finala, Zarautzen

Finala abenduaren 20an jokatuko dute, 18:00etan hasita, Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan. Kanporaketak jokatuko dituzte egun horretan, hain zuen ere. Sarrerak dagoeneko eskuragarri daude euskatloia.com webgunean. Helduek 27,50 euro ordaindu behar dute, eta 7 eta 17 urte artekoek, berriz, 17,50 euro.

Argazkiak: Ibon Errazu Uria.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide