Zarauzko iragan hurbileko pasadizoak eta biografiak berreskuratze aldera, udaleko Kultura sailak eta Sanz Enea liburutegiak liburuxka interesgarriak kaleratu ohi dituzte ia urtero, eta, orain, Aita Orkolaga, Zarauzko bikarioa izenekoa argitaratu dute. Asuncion Urzainkik idatzi du lana, Euskal Herriaren Adiskideen Elkarteko kideak eta Deustuko Unibertsitateko irakasleak, eta doan eskura daiteke liburutegian bertan, edo nahi izate aldera, udaleko webgunean deskarga daiteke.
Zarauzko bikario ezaguna izan zen Juan Miguel Orkolaga (Hernani, Gipuzkoa, 1863-Igeldo, Gipuzkoa, 1914), eta herriarekin zuen lotura azaltzeaz gain, Kantauri itsasoan ezagunak diren enbatengandik babesteko egin zituen ahaleginak kontatzen ditu liburuxkak. 1893az geroztik, Andra Maria Zeruratzearen parrokiako apaiza izan zen, eta han eratutako behatokitik egin zituen bere lehen aurreikuspen meteorologikoak.
Sekulako fama hartu zuen, 1900. urteko azaroaren 15eko enbata aurreikusi zuelako. Abisuak bidali zituen arrantzaleen kofradietara eta itsas agintaritzetara, eta gerta zitekeen hondamendi lazgarria saihesten lagundu zuen. Horrek ahalbidetu zion, nolabait ere, eskualde mailako behatoki meteorologiko bat sortzea. Talaimendin jartzea izan zuen buruan, sasoi hartan parrokiaren jabetzakoa baitzen, baina, ondoren, 1905ean, Igeldon finkatu zuen proiektua. 1912ko abuztuko enbata izugarria ere aurreikusi zuen, eta horri esker arrantzale askoren bizitzak salbatu ziren.

Garai hartan, beste bi pertsona aritu ziren eguraldi-gizon gisa: bata, Aita Angel Rodriguez Gernikako (Bizkaia) Agustindarren ikastetxeko behatzailea, eta Zumaiako parroko Aita Beobide, Orkolagaren iragarpenekin bat egin zuena behin baino gehiagotan. Zarauzko bikarioaren aurreikuspenek zeresan handia eman zuten, eta jarraitzaileak ez ezik, aurkariak ere izan zituen. Barometroari eman zion batez ere garrantzia bere egunerokoan, beste gailuen aldean. Zentzu horretan, bere metodoa zientifiko-intuitiboa zela kritikatu zuten batzuek, eta txantxetan-edo Padre Borrascas goitizena jarri zioten. Egun bere bustoak zutik jarraitzen du edozein denboraleren aurrean, Igeldoko behatokiko lorategian.