Iazko garaipena berretsi nahi du Eizmendik Harri Handien Gipuzkoako Txapelketan

Aritz Mutiozabal 2025eko azaroaren 14a

Jokin Eizmendi iaz, Harri Handien Gipuzkoako Txapelketa irabazita. (Ataria)

Zizurkilgo (Gipuzkoa) Intxaur pilotalekuan izango da txapelketa bihar arratsaldean, eta zarauztarrarekin batera, Aimar Galarraga oriotarra eta Gari Garmendia idiazabaldarra lehiatuko dira.

Harri Handien Gipuzkoako Txapelketa jokatuko da bihar Zizurkilgo (Gipuzkoa) Intxaur pilotalekuan, 18:00etan hasita, eta Jokin Eizmendi zarauztarra ariko da nor baino nor lehian, Aimar Galarraga oriotarrarekin eta Gari Garmendia idiazabaldarrarekin batera. Lesio batetik atera berri da Eizmendi, eta badirudi txapelketa honetan parte hartuko duen azken aldia izango da. Txapelketa ondo agurtu nahi du zarauztarrak, eta iazko garaipena berretsi nahi du.

Lau harrirekin egin beharko dituzte lanak harri jasotzaileek: 200 kiloko errektangularrarekin, 175 kiloko zilindro koparekin, 150 kiloko kubikoarekin eta 165 kiloko bolarekin, hain zuzen ere. Harri bakoitzarekin 2 minutuko saio bana egingo dute kirolariek, eta, guztira, kilo gehien jasotzen duen kirolarientzat izango da txapela.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide