Bost zarauztar, Gipuzkoarren Kirola Herritarren Sarirako hautagaien artean

Aiora Arriola 2025eko azaroaren 12a

Nadia Erostarbe Munduko Txapelketan. (BAT)

Bihar, 19:00etan, izango da Kirol Gala, Donostian. Gainera, Orio Arraunketa Elkarteari Kirol Meritu saria emango diote, egindako denboraldia txalotzeko.

Bihar arratsaldean egingo dute aurtengo Kirol Gala, 19:00etan, Donostiako Tabakaleran, Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatuta. Ekitaldi horretan, besteak beste, Gipuzkoarren Kirola Herritarren Saria banatuko dute, eta Zarauzko bost kirolari daude hautagaien artean. Hain zuzen ere, Aritz Aranburu, Adur Amatriain, Nadia Erostarbe surflariak, Alba Menendez eskubaloi jokalaria eta Malen Monasterio halterofiloa daude zerrendan.

Horiek ez ezik, eskualdeko Janire Gonzalez surflaria, Alex Txikon mendizalea eta Jose Ignacio Saizar Luxarbe harri jasotzailea eta herri kiroletako epailea ere badaude saria irabazteko finalisten artean.

Gainera, Orio Arraunketa Elkarteari Kirol Meritu saria emango diote aurten egindako denboraldiagatik. Izan ere, gizonezkoen traineru nagusiak Eusko Label ligako eta Kontxako Bandera irabazi ditu, eta emakumeen traineruak Euskotren ligan nahiz Kontxako Banderan hirugarren postua lortu dute. Orio B taldea, berriz, KAE2 ligan txapeldun izan da, eta arraun eskolakoek inoizko urrezko domina gehien irabazi dituzte Espainiako Txapelketan. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide