Usoa Ostolaza txirrindulariak pedal kolpe irmoz ontzen ari den ibilbideaz jardun du azaroko Zarautz Guka aldizkarian

Erredakzioa

Ostolazari egindako bideo-elkarrizketaz gain, plaieroetan parte hartzen ari den aurreneko queer taldeari buruzko erreportajea, Felipe Eizagirre okinaren erretratua eta beste hainbat eduki interesgarri ere jasotzen ditu argia ikusi berri duen azaroko Zarautz Guka aldizkari digitalak.

Kalean da Zarautz Guka aldizkari digitalaren zortzigarren zenbakia. Usoa Ostolaza txirrindularia dator azalean, eta barruan, hari egindako bideo-elkarrizketan, orain arteko kirol ibilbide arrakastatsuaz eta etorkizunerako dituen asmoez jardun du zarauztarrak.

Horrez gain, baina, beste hainbat eduki interesgarri ere biltzen ditu hil honetako aldizkariak; besteak beste, Ondharez elkarte sortu berriak burua aurkeztu du bertso sorta baten bidez; Felipe Eizagirrek orain lanbide duen okintzaz jardun du Erretratua atalean; eta plaieroetan parte hartzen ari den aurreneko queer taldearen inguruko erreportajea ere badator. Horiez gain, Aner Peritzek Santa Barbaratik Imanol Epelderi bidalitako audio mezua entzungai dago, oraingoan kuadrillen inguruan hausnartuz; eta baita beste hainbat iritzi artikulu interesgarri ere. 

Zarautz Guka aldizkari digitalaren zenbaki guztiak webguneko prentsa atalean daude ikusgai. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide