Hasi. Hasi bidean. Beste pauso bat. Eta orain beste bat. Tarte bat egin duk dagoeneko. Hastea zailena izaten duk honelakoetan. Orain segi aurrera, baina bidetik atera gabe. Utzi hadi eramaten, irrist eginez, indarrik egin gabe. Ez begiratu atzera, baina hiru lerro egin dituk jada. Ez larritu hire aurrean duan eremu zuri eta zabala ikustean. Bidea ere zuria duk, baina segi bideari, nahiz eta ezezaguna izan. Gainera atzean arrasto, ildo, beltz bat uzten ari haiz, bueltan ez galtzeko. Badakik, ipuinean bezala, ez zegok galtzerik, eta gaurko abentura ondo doala esan dezakek. Laster atsedenalditxo bat egingo diagu, arnas apur bat hartu, eta atzeko paisaiari arretaz begiratzeko. Konturatuko haiz kapaza haizela bidea urratzen jarraitzeko, eta hasieran zaila ematen zuena ez dela hainbesterako. Bai, bazekiat eremu zuri-zuri honek errespetua sortzen duela, baina, aldi berean, erabat lokabe ibil haiteke. Ez zegok bidezidorrik, ezta laburbiderik ere, baina hik erabaki dezakek nondik jo, eta nora nahi duan joan. Konturatu al haiz nola pausoz pauso, hitzez hitz, hitz bat gehituta, poliki-poliki noraino ailegatu haizen? Orain bueltatzeko garaia heldu duk, bidea desegiteko ordua duk, eta horretarako kontrakoa egin beharko duk. Aurreko perpausari hitz bat gehiago erantsi ordez, orain hitz bat, pauso bat, gutxiago egin. Gainera, bueltako bidea ezagutzen duk, eta, lehenengo ibilaldiaren nekea gorabehera, errazago egingo zaik. Lehen ume bat bezala ibili haiz; orain oreka galtzeko beldurrik ez daukak. Etxeko ingurumaria ikusten duk hemendik, aldapan behera segi, suabe-suabe. Ez zeukaat besterik hiri esateko, ofizioa ondo ikasi duk eta. Orain segi ateraino, eta etzan hadi mahaian paperen ondoan. Hurrengo hilean beste ibilalditxo bat egingo diagu paperetik. Lasaiago moldatuko haiz orduan, ezagunago egingo zaik. Ireki atea, sartu, eta atseden hartu. Lo egin ezak, nahi baduk. Neu ere eseriko nauk. Heldu gaituk azkenik. Itxi atea. Etxean.