Ines Itsaso: "Modan erabakiak ez dira kasualitatezkoak"

Mireia Galarza Bastida, Gorka Eizagirre eta Urtzi Oteiza 2025eko azaroaren 22a

Askotan esan ohi da irudi batek mila hitzek baino gehiago balio duela, alegia, gure itxurak gauza asko esan ditzakeela, onerako edo txarrerako. Ondotxo daki hori Ines Itsaso moda disenatzaile eta estilista zarauztarrak. Urriko Zarautz Guka aldizkarian argitaratutako erretratua da hau.

Igaro berri da 73. Donostiako Zinemaldia. Urtero legez, dozenaka eta dozenaka aktore igaro dira bertatik, denak goitik behera txukun-txukun atonduak. Aurpegi ezagun horiek guztiak alfonbra gorritik igaro baino lehenago, baina, izaten da zer eginik, eta horretaz badaki Ines Itsaso moda disenatzaile eta estilista zarauztarrak. Bere lana "munduan jantziko dena sortzea eta jendearen onena arroparen bidez trasmititzea eta islatzea" dela dio. Intentsitate handiko lantzat jotzen du berea, eta "oso lanbide polita" dela ere badio.

Bartzelonan egin zituen moda ikasketak Itsasok, eta handik Londresera joan zen, Central Saint Martins eskola ikonikoan ezkontzetako soinekoetan ezagutza sakontzeko asmoz. Orduan hasi zen estilismo eta disenatzaile lanetan lehen pausoak ematen, eta lauzpabost urte igarotakoan lekualdatu zen Alemaniara, argazki saio eta publizitate kanpainetan buru-belarri lan egitera. Zarauztarrak beti izan zuen jomugan New York; are gehiago, 30 urte bete aurretik bere ametsa zen munduko hiriburu ospetsuenetakoan aldizkarietako azalak egitea, eta baita lortu ere. Zailtasunak zailtasun, eta izerdiak izerdi, lan baimena lortu zuen Itsasok, eta harrezkero, aurpegi eta izen entzutetsuekin lan egin du.

New Yorken lana egitea "aparta" dela azaldu du modan aditu eta arituak, baina gehitu duenez, azken hilabeteotan, geroz eta lan gehiago ari zaio sortzen Euskal Herrian, etxetik gertu. Horrek, hemen inguruko sortzaileak eta markak ezagutzeko aukera eman dio, eta baieztatu duenez, "sorpresa" izan da berentzat hemen zenbat sortzaile dauden ikustea. Dena den, sorkuntza horiek kalean orain arte ez direla ikusi azaldu du Itsasok, eta bere helburua izan dela horiek kalera ateratzea.

Eskaileraz eskailera

Berarekin bost minutuz hitz egitea nahikoa da jabetzeko, 40 urte baino gutxiago izanda ere, bizipen andana duela, lerro hauetan sartzen direnak baino askoz ere gehiago. Hori, dituen energiarekin eta lanarekiko pasioarekin nahastuta, uneoro helburu berriak dituen norbait da Itsaso. "Lortu dut dagoeneko aktore batzuk janztea, baina gehiago nahi dut. Inoiz ez da nahikoa, beti nahi dut gehiago", gehitu du ziurtasun osoz.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide