Ahaztuak nituen zeinen korapilatsuak ziren igande gau edota astelehen goizak. Noizbehinka etxe deituko diodan ikasle pisurako trabesia suhiltzaileen biribilguneko autobus geltokian hasi ohi dut unibertsitateko ordutegiak uzten didan bezain beranduen. Garbira pasatzeko astirik (edo gogorik) izan ez dudan apunteak maletan eta amaren tupperrak motxilan, batzuetan bakarrik dabilen pantailatxoari adi-adi begira ea zenbat falta zaion nire autobusari. Bereziki ordu horietan izaten den autobus mordoarekin ez litzateke zailegia osatzen den autobus ilaran norberarena aurkitu ahal ez izatea. Ilarari, noski, betiko bidaiariak gehitu behar zaizkio, eta hori bakarrik ez, azkenaldian San Pelaio tren geltokian egiten den ontzi-aldaketak ekarritako nahastea zein jende korrontea.
Guretik igarotzen diren autobus guztiekin deigarria da zer-nolako autobus geltoki kaskarra daukagun. Aterpe eskasa, noizbehinka soilik dabilen pantailatxoa, autobusentzat nahikoa geraleku ez… Udalak uztailean geltoki berria eraikitzeko partzela lehiaketara atera zuen arren, berandu iristen den proiektua dela deritzogu maiztasunez egungo geltokiko erabiltzaileok.
Joan-etorrian eta geltokian halamoduz zain azken urte eta zertxobaitean zenbat denbora igaro dudan jakitea gustatuko litzaidake, zenbat denbora galdu dudan suhiltzaileen biribilgunean euripean autobusaren zain. Hein batean, baliteke autobus geltokiari diodan amorrua ez dela baldintza hobegarriengatik bakar-bakarrik, niretzat oporretatik errutinarako itzulera ere badelako baizik. Denak du erruaren bere zatia. Bidaian joateko itxaron beharko banuke autobusa astero euripean, agian ez litzaidake hainbeste axolako zain horrenbeste denbora baldintza horietan ematea. Baina ez dut uste kasua denik ohiko erabiltzaile gehienon artean, beraz, joan-etorrian eta tartean igarotako denbora soilik ez, jakin nahiko nuke noizko izango dugun ganorazko geltoki bat, euria egin eta maleta edo motxilako apunteak bustiko ez zaizkidana edota bospalau autobuseko ilararik osatuko ez dena.