Errutina etsai

Intza Trula 2025eko azaroaren 16a

Herritarrak Amalur parkean, paseoan. (Intza Trula)

Tristura edota antsietatea sorrarazi dezake oporren ostean errutinara itzultzeak. Sentipen horrek bere arrazoiak izan ditzake, baina badira egoerari aurre egiteko gakoak ere, Aurkene Gallastegi psikologoak kontatu duenez.

Uda atzean utzita jada, ikasturte berriarekin batera heldu da udazkena. Hostoak zuhaitzetatik erortzen hasi dira, eta herriko txokoak urtaro horri dagozkion koloreekin janzten ari dira apurka-apurka. Lagunekin taberna bateko terrazan igarotako gau amaigabeei agur esateko unea heldu da, eta duela aste batzuk etxeratzeko ordua zena orain lanera edota eskolara joatekoa bilakatu da. Bero boladarik ere ez da antzematen dagoeneko, eta goizeko zein gaueko tenperaturek jertse bat janzteko gonbita egiten dute.

Urtaro batetik besterako saltoa aldaketa hutsal bat besterik ez da herritar batzuentzat, eta gutxi axola die sukaldean eskegita duten egutegian Abuztua ala Urria jartzen duen. Aitzitik, Aurkene Gallastegi psikologoak azaldu du gizartearen zati handi bati nabarmen eragiten diola errutinara bueltak: "Lanera edota eskolara itzuli behar dutela konturatzean, tristura edota antsietatea sentitzen dute askok eta askok". Hala eta guztiz ere, argitu du sentipen hori ez dela gaixotasun edota sindrome bat, "une bateko ahulaldi" bat baizik.

Gallastegik azpimarratu duenez, errutinara itzultzera "nork bere erara" bizi du, eta ahulaldiaren arrazoiak "erabat ezberdinak" izan daitezke. Alde batetik, "arrazoi fisiologikoez" mintzatu da psikologoa: "Eguraldiak okerrera egiten du udako hilabeteekin alderatuta, egunak tristeagoak eta laburragoak dira, eta tenperaturak nabarmen jaisten dira. Udazkenaren ezaugarri horiek ondorioak dituzte gugan, eta tristura sentitzea da horien artean ohikoenetako bat".

Pertsona bat korrika, Zarauzko hondartzan. (Intza Trula)

 

Bestetik, eguneroko erritmo "biziak" jendearengan eragiten duen kalteaz hitz egin du, eta esan du "estres handia" eragiten diela batzuei horretara itzuli behar dutela pentsatze soilak. "Makina batzuk izango bagina bezala jokatzen dugu sarritan: esnatu, lanera joan, etxera itzuli, afaria prestatu eta lotara goaz, eta normala da egoera horretara itzuli behar dugula pentsatzean ondoeza sentitzea", gehitu du.

Kezkatzekorik ez

Hala eta guztiz ere, Gallastegik zehaztu du opor osteko asteetan horrelako goibeltasuna sentitzea "gauza normala" dela, eta antzerako zerbait pairatzen dutenek "lasai" egon behar dutela. "Ulertu behar dugu emozioak gure parte direla, eta une hobeak eta okerragoak bizitzea tokatuko zaigula behin baino gehiagotan, ez ikasturte hasieretan bakarrik".

Era berean, argitu du sentipen honek lau edota zortzi aste inguru irauten dituela, "baina ez askoz ere gehiago": "Bi hilabeteren ostean berdin sentitzen bagara, jendearekin egoteko gero eta gogo gutxiago badugu edota isolatzen hasten bagara, komenigarria izango litzateke medikuarengana joan eta kontsulta bat egitea, adituek beren iritzia eman ahal izateko".

Gainera, psikologoaren esanetan, sentipen hau ez da udazkenean soilik entzuten den zerbait; Gabonetako edota Aste Santuko oporren ondoren ere herritar ugariri antzerako zerbait gertatzen zaiela dio, hain justu ere. Eta, bitxia edo kontraesankorra eman badezake ere, gaineratu du badela tristura hau udaberrian pairatzen duenik ere: "Hilabete batzuk gutxiago sozializatzen pasa ondoren, etxetik atera beharrak aparteko esfortzu bat egitea eskatzen dio jendeari, eta nolabaiteko kezka dute barruan".

Aurre egiteko gomendioak

Udazkeneko lehen aste hauetan ohetik jaikitzea normala baino gehiago kostatu arren, psikologoak dio hobera egiteko gakoak, gehienetan, "nork bere esku daudela". Hala, egunero, ordu erdi edota ordubetez behintzat, batek atsegin duen hori egin behar duela aditzera eman du. "Kontziente nahiz topera gabiltzala guztiok, baina gure buru osasunarengatik egin behar dugu".

Zarautzek, esaterako, "gustu eta adin tarte guztietarako jarduerak" eskaintzen dituela iritzi dio psikologoak, eta esan du eguraldi txarra ala ona egin, "bizitzaz gozatzeko txoko perfektuak" aurki daitezkeela bertan. Hala nola mendira edota hondartzara joatea, malekoira, biotopora edota Asti aldera paseatzera irtetea, kiroldegiko jardueretan izena ematea eta jubilatuen elkarteko ekintzetan parte hartzea aipatu ditu aisialdian egiteko aukera modura.

Psikologoak kontatu duenez, eguzkitan paseo soil batek "onura ikaragarriak izan ditzake gugan", esaterako, D bitamina "pila bat" hartzea ahalbidetzen duelako. Era berean, kirolaren garrantziaz ere mintzatu da, eta esan du neurtutako kirol saioek serotonina eta endorfina askatzen laguntzen dutela, osasunaren mesederako. "Obsesio bat bilakatu gabe", lanetik edota eskolatik ateratzean parkera joatea, bizikletan ibiltzera irtetea edota kiroldegira joatea "erabat" gomendatu du Gallastegik.

Bi herritar, Udaberri jubilatuen elkarteko terrazan. (Intza Trula)

 

Elikadura zaintzea ere aholkatu du psikologoak, arlo hori "ez ahazteko". Bere esanetan, jatorduen orduak errespetatu behar dira, eta osasuntsu jan, ahal den heinean.

Egoerari aurre egiteko laugarren osagai batez ere mintzatu da: sozializatzeaz, alegia. Izan ere, errutinara itzultzea "errazagoa izateko", ingurukoekin harremana mantentzea "oso garrantzitsua" dela aipatu du berak: "Ez dugu isolatu behar, nahiz eta askotan tristurak horretara bultzatzen gaituen. Hori gertatuz gero, gogor egin behar diogu gure buruari, eta gogo asko ez dugun egun horietan ere lagunekin kalera atera".

Hori hala, Gallastegik "autozaintzaren" garrantzian jarri du fokua: "Egunerokoan bai ala bai egin beharrekoak beti izango ditugu, eta horregatik bilatu behar dugu guretzat denbora, atsegin dugun hori egiteko".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide