Bilbon munduko onenak dira (onen-onenak), baina ezin da ukatu: Donostia está al día. Jazzaldia, Zinemaldia, Hamabostaldia… Harrapazak, Puppy..
Pentsatzen dut zuek ere kunplituko duzuela al día egoteko egin beharrekoarekin, eta ez duzuela huts egingo bakoitzean-bakoitzean bete beharreko gutxienekoan: pelikula pare bat, kontzerturen bat, relaxing pintxo in parte vieja…
Baina, jakina, gero datoz kredituak, ajea…
Zeren, igual izango da ez nagoelako oso egunean, baina iruditzen zait aldea dagoela aldi-etatik beste egunetara. Are gehiago, esango nuke gehiegitan dagoela alde handiegia. Zenbat diru mugitzen da halako jaialdi batean? Hiria gelditzeko pronto gaude halako batekin, eraikinak aldatzeko, oholtzak ia edonon jartzeko… Nik al dakit! Eta hori, ikusten duguna. Azpitik, berriz, halakoak antolatzeko baliabideak, kudeaketarako multinazionalak, baimenak… A zer saltsa!
Ederki aztertzen ditu gai horren inguruko hainbat kontu Jon Urzelaik Su festak interesgarrian (Susa, 2023), bereziki musika jaialdi handien sistema eta horrek dituen ondorioak.
Beharbada, alditu-ren batek esango dit, halakoetan, gastatzen den dirutza itzuli egiten dela, beste modu batera... Bai? Nola? Nori? Badago hor zer pentsatua. Gainera, ekitaldi mota hori antolatzen denean, kultura aipatzen digute han eta hemen. Baina, kultura baino, turismo masiboaren mekanismoak dira batez ere funtzionatzen dutenak. Galdetu bestela Puppyri…
Hala ere, eman dezagun aldi horiek guztiak onesten ditugula. Bale… Baina esan dezagun hau ere: gure sistema kulturalaren etorkizuna oso iluna izango da aldika bakarrik jokatzen badugu. Sare orekatuagoa behar dugu, horizontalagoa, bai espazioan baita denboran ere; sortzaile eta langile sistema osoa zaindu; bertakotik pentsatu; ekitaldi txikiak ere bermatu, enpresa txikien jarduna bultzatu… Askoz gehiago jokatzen dugu hor kulturalki, aldikada bat edo bitan baino.
Zinemaldia joanda, negua etorriko da laster… Zeren aldia da orain?...