Banksyren irudia

Aritz Mutiozabal 2025eko azaroaren 15a

Banksy grafitigileak Londresko Justizia Auzitegi Errealeko fatxadan egindako horma irudia. (Bansky Instagram)

Aritz Mutiozabalek urriko Zarautz Guka aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Epaile bat lurrean dagoen manifestaria kolpatzen ari da justiziaren mailuarekin. Bele beltz toga du soinean eta ardi zuri ileordea buruan, eta erruz astintzen ari zaio odolez blaitu zaion pankartadunari. Zapaltzailea eta zapalduaren irudia da. Banksy grafitigileak horma irudi hori egin zuen irailaren hasieran Londresko Justizia Auzitegi Errealeko fatxadan, Palestine Action taldearekin lotutako hainbat lagunen atxiloketen ugaritzeak polemika sortu ondoren. Aipatu taldea ilegalizatuta dago Erresuma Batuan joan den uztailetik, eta hori gutxi balitz bezala, "erakunde terrorista" gisa jo dute, aireko indarren base batean bandalismo ekintzak egiteagatik. Nazio Batuen Erakundeak, aitzitik, despro-portzionatua iritzi dio debekuari, eta inpugnatu egin du auzitegian.

Palestinaren aldeko aldarriak mundu osora hedatu dira, nahiz eta agintari eta erakunde botoretsuenek entzungor egiten duten. Gainera, askori eta askori bidegabekeria handiagoa iruditzen zaizkie Palestinako herriari elkartasuna adierazteko eta Israelgo Gobernua Gazan eta Zisjordanian egiten ari den sarraskiaren aurka protesta egiteko aurrera eramaten diren ekintzak, genozidioa bera baino. Eta entzumen arazoak eduki behar ditu inork Gernika-Palestina egitasmoak irailaren hasieran Euskal Herriko txoko guztietan deitutako kazola jotzeko burrunbak kontzientziak ez baldin badizkio astindu.

Hamaika ikusteko jaioak gara! Baina ez dago ikusi nahi ez duena baino itsuagorik. Zapi palestinarrak Euskal Jai eguneko lepoetan gailendu ziren, eta bandera beltz, gorri, berde eta zuria nonahi aireratzen da azken hilabeteetan, haizeak jotzen duen edozein geografiatan. Mendate, lautada eta Espainiako Itzuliko zehar helmugetan ere, Israel-Premier Tech txirrindulari taldeak jokoan zer dagoen jakingo ez balu bezala. Zoritxarrez, Vingegaardek jantzita erabili zuen liderraren mailota gorria zen, horma irudiko manifestariak daraman pankartako zipriztinak bezala.

Santa Barbarako hormatzarrean betidanik ezagutu ditut pintada anonimo aldarrikatzaileak, Nuklearrik ez! edo Euskal presoak etxera! ziotenak. Hondartzara etortzen diren turistei erakusteko, Getariako postalaz harago, herri honetan badela errealitate bat. Abuztuan, esaterako, Txiki eta Otaegiren fusilamenduaren 50. urtemuga oroitarazten zuen olana erraldoia jarri zuten, non ez zuen luze iraun. Zarautz garbi, polit eta xarmagarria eraiki nahian, gainera, ezin zaio memoriari eta aitortzari espazio publikorik eskaini. Sentipena dut alfonbra azpian ezkutatzen saiatzen direla etengabe enkistatzen den historia. Gurea eta Palestinakoa. Banksyk egin berri duen grafitia egiten diogula geure buruei, benetako erreparazioa bilatu beharrean.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide