Irati Goikoetxea 'Herriak ez du barkatuko' liburuaz ariko da bihar

Intza Trula 2025eko azaroaren 5a

Irati Goikoetxea, 'Herriak ez du barkatuko' liburua eskuetan duela. (Kerman Garralda)

Zarauzko Udalak indarkeria politikoak eta terrorismoak eragindako giza eskubideen urraketen inguruan hausnartzeko antolatutako ekitaldietako bat izango da. 18:30ean hasiko da saioa, Portuetxen, eta idazleak solaskide izango du Pili Zabala.

Irati Goikoetxea idazleak Herriak ez du barkatuko liburua aurkeztuko du bihar arratsaldean Portuetxen, Pili Zabalarekin batera. Indarkeria politikoak eta terrorismoak eragindako giza eskubideen urraketen inguruan hausnartzeko zenbait ekitaldi antolatu ditu Zarauzko Udalak, eta biharko saioa da horietako bat. 

Goikoetxeak 22. Igartza saria eskuratu zuen aipatu eleberria ontzeko, eta bertan, ETAk aita hil dion emakume baten istorioa kontatu du, non biktima ezberdinen lekukotasunak jasotzeko egitasmo bat sortuko duen. Solasaldia bertatik bertara jarraitu nahi dutenentzat sarrera irekia izango da, baina aretoa bete arte.

Solasaldiaz gainera, udalak prestatutako egitarauaren barruan, oraindik ere zabalik jarraitzen du Hurrengoa zu izeneko erakusketak. Merkatu plazako lehen solairuan dago ikusgai, ostiralera arte, 18:00etatik 20:00etara.

Ekitaldietako azkena, berriz, Memoriaren Egunaren harira izango da. Urtero bezala, Zarauzko Udalak herriko biktima oro aitortzeko ekitaldia egingo du. Azaroaren 9an izango da, Memoriaren Egunaren bezperan, Arrosategi parkean, 12:00etan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide