Gesalaga eta Urra Euskadiko Harri Jasotze Txapelketan lehiatuko dira bihar

Onintza Lete Arrieta 2025eko azaroaren 7a

Maddi Gesalaga. (Jabi Gonzalez Toston)

Abadiñoko (Bizkaia) probalekuan izango da lehia bihar arratsaldean. Maddi Gesalagak Goizeder Abendibar, Naroa Arruti eta Olaia Esnaola izango ditu aurkari. Mikel Lopetegi Urrak, berriz, Paulo Azpiazu taldekidea eta Jon Gisasola, Eneko Bilbao, Iker Sojo, Oscar Aguas eta Beñat Telleria.

Euskadiko Harri Jasotze Txapelketak ospatuko dituzte bihar arratsaldean Abadiñoko (Bizkaia) probalekuan, eta bi zarauztar lehiatuko dira bertan: Maddi Gesalaga eta Mikel Lopetegi Urra.

18:00etan hasiko da Emakumezkoen Euskadiko Kintopeko Harri Jasotze Txapelketa, hau da, 21 urtez azpikoen txapelketa, eta Gesalagak hiru aurkari izango ditu: Goizeder Abendibar, Naroa Arruti eta Olaia Esnaola. Azpeitiarra da azken hori.

Hori amaitutakoan hasiko dute lehia gizonezkoek. Gizonezkoen Euskadiko Harri Txikien Harri Jasotze Txapelketa jokatuko dute, eta Urrak aurkari gehiago izango ditu: Paulo Azpiazu taldekideaz gain, Jon Gisasola, Eneko Bilbao, Iker Sojo, Oscar Aguas eta Beñat Telleria lehiatuko dira, izan ere.

Egin beharreko lanak

Antolatzaileek zehaztu dutenez, emakumezko kintopekoak botaleku batekin arituko dira, banan-banan. Gizonezkoek, berriz, bi botaleku erabiliko dituzte, eta binan-binan egingo dute.

Egin beharreko lanak, berriz, honakoak izango dira: gizonezkoek 100 kiloko bola, 112,5 kiloko kuboa, 125 kiloko zilindroa eta 125 kiloko errektangularra altxa beharko dituzte, eta bakoitzarekin hiru minutu izango dituzte ahalik altxaldi gehien egiteko.

Emakumezkoek ere hiru minutuan ahalik altxaldi gehien egin beharko dituzte, eta horretarako bi harri erabiliko dituzte: 50 kiloko kubikoa eta 50 kiloko zilindro zaharra. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide