Villa Elizabeth eremua urbanizagarri bihurtzeko Plan Orokorra izango dute aztergai biharko udalbatzarrean. 19:00etan hasiko da hileko osoko bilkura, udaletxeko pleno aretoan, eta beste hainbat puntu ere jorratuko dituzte bertan.
Zarauzko EH Bilduk pasa den ekainean jakitera eman zuen EAJk eta PSE-EEk osatzen duen Udal Gobernuak Zarauzko Hirigintza Plan Orokorrean (ZHAPO) aldaketa bat proposatu zuela, Villa Elizabeth dagoen lursailean eraikigarritasuna handitzeko. "Luxuzko hemezortzi etxebizitza eraiki nahi dituzte bertan", gehitu zuen oharrean koalizio subiranistak.
Puntu horrez gain, biharko bilkuran datorren urteko auto-taxien zerbitzuaren tarifei onespena ematea da asmoa, eta baita Adikzioen Prebentziorako V. Tokiko Plana onartzea ere.