Bi urte daramatzate Inma Saenz de Santamariak (Zarautz, 1957) eta Luis Mari Gonzalezek (Zarautz, 1958) Udaberri jubilatuen elkarteko batzordean. 60+ Adinekoen Udazkena egitasmoa egin dute urrian Zarautzen, Adineko Mahaia osatzen duten elkarteek –tartean Udaberrik– Zarauzko Udalarekin elkarlanean prestatutako egitarau betearekin. Guardi taldearen dantzaldiaren agurtuko dute hilabetea, gaur, 19:00etan, elkartearen egoitzan. Egitasmoaren balorazioa egin dute biek ala biek, eta Udaberri elkartearen ikasturte osoko lanaz ere hitz egin dute. Besteak beste, adinean aurrera joan ahala harremantzen jarraitzearen garrantzia azpimarratu nahi izan dute.
Adinekoen hilabetea ospatu duzue urrian zehar, askotariko ekintzekin. Normalean, horrelako egitarauak haur edota gazteei zuzendutakoak izaten dira. Zer-nolako garrantzia du adinekoek ere elkartzeko eta sozializatzeko hitzorduak edukitzeak?
Luis Mari Gonzalez: Jubilatzen garen unean hiru esparruri erantzun behar izaten diegu: sozializazioari, gaitasun kognitiboa mantentzeari eta gaitasun fisikoa mantentzeari. Hiru gaitasun horiek ahalik eta modu onenean mantentzea da adinekoen helburua, eta Udaberrin horretarako aitzakiak eskaintzen ditugu. Norberak sozializatzeko bere eremua du, eta inguru hori adinean aurrera goazen moduan txikitzen joaten da; hain justu, Udaberrin horri aurre egin nahi diogu, eta gogorra izan daitekeen garai horri aurre egiten lagundu. Adinekoen hilabetea zein astea elkartzeko eta sozializatzeko aitzakiak dira; gazteek, aldiz, ez dute horrelakorik behar.
Aste hauetan zehar hitzaldiak, ikus-entzunezko emanaldiak, jolasak eta gehiago antolatu dituzue; gustu guztietarako ekitaldiak, alegia. Zeri erreparatu diozue horiek antolatzeko orduan?
L.M.G.: Jolasei esker gorputza mugitzeko aitzakia dugu, eta horixe da jarduera horien asmoa. Horrez gainera, hitzaldiekin lortu nahi duguna da jubilatzean bizi dezakegun beherakadari aurre egiteko tresnak ematea. Hau da, sozializazioa eta gaitasun kognitibo zein fisikoa mantentzea barne hartzen dituen ekintzak bilatu ditugu, eta jarduerak mota guztietakoak izan daitezen saiatu gara.
Zein izan dira herritarren hitzordu gustukoenak?
Inma Saenz de Santamaria: Jolasek arrakasta izan dute, baina hori ez da inolako sorpresa izan guretzat, urtean zehar Udaberrin egiten ditugun jolasetan ere jende ugari batzen baita. Kontrara, hitzaldietan askoz ere herritar gutxiago elkartzen dira, eta lan gehiago egin behar dugu jendea horietara animatzeko.
Zergatik uste duzue gertatzen dela hori?
L.M.G.: Hitzaldi hauek ispilu bat dira, eta bertaratzen dena bere erosotasun eremutik ateratzen dute. Izan ere, errealitatea onartzera garamatzate saiook, eta onarpen hori egitea kostatu egiten zaigu. Adinekoen beharrak aztertzen ditugu hitzaldi bat antolatu aurretik, baina, ondoren, norberak egin behar du saio horretara joateko hautua. Kontua da askotan erosoago zaigula ez joatea, errealitateari aurrez aurre ez begiratzeko.
I.S.: Horrez gain, komunikazio arazo bat ere badaukagu, jendearengana heltzea oztopatzen diguna. Egun, 1.700 bazkide inguru gara Udaberri jubilatuen elkartean, eta horietatik berrehun soilik enteratzen dira antolatzen ditugun ekintzez. Whatsapp eta posta elektroniko bidez bidaltzen ditugu albisteak, eta webgunea ere badugu, baina, halere, jende askok berandu izaten du horien berri.
Hilabete honetan egitarau betea eskaini duzue elkartean, Zarauzko Udalarekin elkarlanean. Hala eta guztiz ere, Udaberri urte osoan zehar da aktiboa.
I.S.: Urte osoko programazioa prestatzen dugu elkartean, eta eskaintza handiagoa dugu urtetik urtera. Bazkide kopurua nabarmen doa gorantz, eta asko eta asko dira urteko ikastaroetan parte hartzera animatzen direnak. Esaterako, fitness eta yoga, marrazketa, memoria, dantza eta hizkuntza ikastaroek arrakasta handia dute, eta klaseak beteta ditugu. Itxarote zerrendak ditugu talde askotan, baina oraingoz ezin dugu eskaintza zabaldu, ez baitaukagu horretarako lekurik.
L.M.G.: Ordainpeko zein doako jarduerak eskaintzen ditugu; ordainpekoak direnak adituek eskaintzen dituzte, eta doakoak, berriz, boluntarioek gidatutakoak izaten dira.
Bi urtetik gora daramatzazue Udaberri jubilatuen elkarteko batzordeko kide izaten. Zein da batzorde horrek orain arteko jardunaz egiten duen balorazioa?
L.M.G.: Sei pertsona gara batzordean, eta gero azpitaldeak ditugu, hitzordu zehatzak antolatzen joateko. Talde hauetan gauden guztiok boluntarioak gara, eta etortzen diren adinekoen mesederako egiten dugu lan guztia. Udaberri kirola egiteko eta memoria lantzeko ez ezik, elkar ezagutzeko eta ondo pasatzeko eremua izatea nahi dugu, eta uste dugu helburua lortzen ari garela.
I.S.: Duela urte batzuk Udaberri zahar etxe modura ikusten zuten gehienek, eta batzordean lanean ari gara ikuspuntu hori aldatzeko. Udaberri lagunartean egoteko espazio bat da, jende berria ezagutzeko esparrua, eta gure esku dagoena egiten jarraituko dugu hori horrela izateko.