Zabaldu dute 'Hurrengoa zu' jazarpen, indarkeria eta mehatxu larrien inguruko erakusketa

Maria Maya Manterola 2025eko urriaren 29a

Ostiralera bitarte eta azaroaren 4tik 7ra izango da zabalik, Merkatu plazako lehen solairuan. Zarauzko Udaleko ordezkari politikoek nahiz erakusketaren sustatzaile Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Baketik fundazioko kideek atzo egin zuten irekiera ekitaldia. Beste bi hitzordu ere izango dira datozen egunetan indarkeria politikoak eta terrorismoak eragindako giza eskubideen urraketen inguruan gogoeta egiten jarraitzeko. 

Indarkeria politikoak eta terrorismoak eragindako giza eskubideen urraketen inguruan hausnartzeko zenbait ekitaldi antolatu dituzte Zarauzko Udaleko alderdi politiko guztiek elkarlanean. Hurrengoa zu izeneko erakusketa da lehenbizikoa, eta herritarrentzat zabalik izango da Merkatu plazako lehen solairuan ostiralera artean eta azaroaren 4tik 7ra, 18:00etatik 20:00etara.

Atzo 18:00etan izan zen irekiera ekitaldia, eta Zarauzko Udaleko ordezkari politikoez gain, bertan izan ziren erakusketaren sustatzaileak. Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako eta Baketik fundazioak egindako ikerketarekin osatu dute. Maider Maraña Baketik erakundeko zuzendariak eman zituen erakusketaren inguruko azalpenak, eta bildutakoek erakusketa elkarrekin ikusi zuten gero, Marañak lagunduta. 

Erakusketaren izenburuaren eta formaren inguruan hasi zen hizketan: Hurrengoa zu, En la diana. Gogorarazi zuen dianak "oso arruntak" zirela paretetan, eta horregatik eman diotela diana forma erakusketari. Era berean, "oso bereganatuta" zituela gizarteak biolentzia mota batzuk. "Beti egongo dira bortizkeriaren inguruan ezagutuko ez ditugun datuak, baina interesgarria da mahaiaren gainean errealitatea jartzea", azaldu zuen. Askotariko iturrietatik lortutako informazioarekin osatu dute erakusketa.

Testigantza ugari bildu dituzte erakusketarako, batzuk hitz egin nahi izan ez duten arren. Marañaren ustez, "ondo dago" hitz egin nahi ez izatea ere. Erakusketa elkarrekin bisitatu zuten atzokoan, baina Marañak bertaratutakoak "bisita intimoago bat egitera" gonbidatu zituen. Izan ere, testuak, baliabide bisualak eta ikus-entzunezko euskarriak biltzen ditu, tartean, testigantzez osaturiko bi ordu bideoetan. Horiei aipamen berezia egin zien Marañak: erakusketaren parte dira, esaterako, Arritxu Marañon zinegotzi sozialistaren testigantza, Arantza Quiroga Araba, Bizkai eta Gipuzkoako PPko presidentearena, Pilar Zubiarrain abokatu eta Altzoko (Gipuzkoa) alkate jeltzale ohiarena, eta Egunkaria-ren zuzendaritzako kide Martxelo Otamendirena eta Joan Mari Torrealdai zenaren seme-alabena.

Beste bi hitzordu

Beste bi hitzordu izango dira indarkeria politikoak eta terrorismoak eragindako giza eskubideen urraketen inguruan gogoeta egiten jarraitzeko. Bigarrena azaroaren 6an izango da, ostegunez. Herriak ez du barkatuko liburua aurkeztuko du Irati Goikoetxea idazleak, eta solaskide izango du Pili Zabala. Indarkeriak azken hamarkadetan eragindako sufrimenduaz, orainaz eta etorkizunaz arituko dira. Goikoetxeak 22. Igartza saria eskuratu zuen aipatu eleberria ontzeko, eta bertan, ETAk aita hil dion emakume baten istorioa du kontagai, non biktima ezberdinen lekukotasunak jasotzeko egitasmo bat sortuko duen. Sarrera irekia izango da, aretoa bete arte.

Azkenik, urtero bezala, Memoriaren Egunaren harira, Zarauzko Udalak herriko biktima oro aitortzeko ekitaldia egingo du. Azaroaren 9an izango da, egun seinalatuaren bezperan, Arrosategi parkean, 12:00etan. Udalak hitza hartuko du, eta, ondoren, bost minutuko isilunea egingo dute; ondoren, lore eskaintza izango da eta memoriaren liburuan idazteko aukera izango dute bertaratzen diren herritarrek. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide