'Hurrengoa zu' erakusketa zabalduko dute bihar Merkatu plazan

Intza Trula 2025eko urriaren 27a

Memoriaren Eguneko ekitaldia, Arrosategi plazan, iaz. (Intza Trula)

Zarauzko Udalak giza eskubideen urraketen inguruan hausnartzeko hiru hitzordu antolatu ditu, eta horietako bat da bihar zabalduko duten erakusketa. Horrez gainera, Herriak ez du barkatuko liburuaren aurkezpena eta Memoria Eguna antolatu ditu hurrengo asterako.

Zarauzko Udaleko alderdi politiko guztiek elkarlanean, "indarkeria politikoak eta terrorismoak eragindako giza eskubideen urraketen inguruan hausnartzeko" hiru hitzordu antolatu dituzte. Lehenengoa bihar izango da: Hurrengoa zu izenburudun erakusketa zabalduko dute Merkatu plazako lehenengo solairuan, 18:00etan.

Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako eta Baketik Fundazioak osatutako ikerketarekin osatutako erakusketa da, eta bertan ezagutu ahal izango dira "Gipuzkoan izandako jazarpen indarkeria eta mehatxu larriak". Erakusketa urriaren 29tik 31ra eta azaroaren 4tik 7ra egongo da zabalik, 18:00etatik 20:00etara.

Bigarrena azaroaren 6an, ostegunez, izango da. Herriak ez du barkatuko liburua aurkeztuko du Irati Goikoetxeak, eta solaskide izango du Pili Zabala. Indarkeriak azken hamarkadatan eragindako sufrimenduez, orainaz eta etorkizunaz arituko dira. Udalak aurreratu du sarrera irekia izango dela, aretoa bete arte.

Azkena, berriz, azaroaren 9an izango da. Memoria Egunaren barruan, Zarauzko Udalak herriko biktima oro aitortzeko ekitaldia egingo du. Arrosategi parkean izango da, 12:00etan, eta irekia izango da herritar guztientzat. 

"Urte luzez pertsona ugarik bizitakoa gertutik ezagutzeko aukera" zabaldu nahi du udalak aipatu ekitaldiekin, "beraien egunerokotasunean giza eskubideak urratuta ikusi zituztelako eta bizi izandako sufrimendu asko isilpean eraman zituztelako".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide