Inauterietako konpartsan izena emateko epea zabalik dago

Intza Trula 2025eko urriaren 27a

Hainbat herritar, iazko konpartsan. (Aritz Mutiozabal)

Zarauzko Udalak ez du izen emate kopurua mugatuko, "aurreko urteetan jendea parte hartzeko gogoz" geratu delako. Inskripzioa egiteko azken eguna azaroaren 7a izango da.

Zarauzko Udala Inauterietako konpartsa prestatzen hasi da jada, eta jakinarazi du zabaldu duela bertan izena emateko aukera. Ez dute aurtengo gaia zein izango den zehaztu, baina berritasun garrantzitsu baten berri eman dute: aurten ez da izen emate kopurua mugatuko, hain justu ere. Xabier Txurruka alkatearen esanetan, "aurreko urteetan jendea parte hartzeko gogoz" geratu da, eta aurten ez dute "horrelako ezer gertatzerik nahi".

Hori horrela, datorren dantza ikuskizunean izena eman nahi dutenek azaroaren 7ra arte izango dute horretarako aukera, ondorengo lotura honetan. Horrez aparte, ekitaldiaren inguruko informazio gehiago eskuratu nahi dutenek edota zalantzarik argitu nahi dutenek 943-00 51 19 zenbakira deitu edota jaiak@zarautz.eus helbidera idatzi dezakete.

Udalak gogorarazi du parte hartzeko gutxieneko adina 8 urte izango dela, eta 8 eta 10 urte bitarteko haurrek heldu batekin joan beharko dutela. Parte hartu nahi duten pertsona kopurua zehaztean erabakiko dute aurtengo gaia.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide