Gau Beltzerako dena prest du Jalgi dantza taldeak

Onintza Lete Arrieta 2025eko urriaren 25a

Iazko Gau Beltzean, bi herritar mozorrotuta euskaldunen usadioarekin. (Gorka Eizagirre)

Hurrengo ostiralean, hilak 31, Santa Klaratik abiatuta ibiliko dira kalejiran herritarrekin eta hainbat eragilerekin batera, eta amaiera ekitaldia eta erromeria egingo dituzte gero, Lege Zaharren Enparantzan. 

Jalgi dantza taldeak laugarren urtez ospatuko du Gau Beltzaren jaia, Santu Guztien Egunaren bezperako gauean, urriaren 31n, ostiralarekin. Eta ez da bakarrik ibiliko kalez kale, hainbat eragilek ere bat egin dutelako ospakizunarekin: Alprojak, Zarautz TRIK,ek Motxian-Etxebeltz Bertsoguneak eta Gurutxurtu aisialdi taldeak, hain zuzen.

Ibilbidea zehaztuta dute: Jalgiko dantzariak 19:00etan aterako dira Santa Klara elizatik, Alprojako kideekin batera. Amalur parkea zeharkatuko dute, Astazubi plazara iristeko. Bizkaia kaletik Iturribide kalerantz abiatuko dira, hortik Herrikobarra kalerantz hartzeko. San Frantzisko kaletik barrena, Kale Nagusira sartuko dira, eta handi,k Musika Plazara joango dira. Ondoren, Zigordia kaletik barrena, Lege Zaharren Enparantzara sartuko dira, festa amaierako ekitaldia egitera.

Amaiera ekitaldi horretan dantzari, antzezle eta bertsolari guztiek hartuko dute parte. Lege Zaharren Enparantzako saioa biribiltzeko, gaztainak banatuko dituzte, eta Zarautz TRIKek festa luzatuko du plazan, "herritar denentzako irekia izango den erromeriarekin".

Antolatzaileek herritar guztiak gonbidatu dituzte festa horretan parte hartzera, bai ibilbidera mozorrotuta agertuz (etxetik hartutako edozein trapuk balio dezake, betiere aurpegia estalita), bai arratsaldeko 18:00etan Lege Zaharren Enparantzara hustutako kalabazak eramanez. Izan ere, asmoa plaza kalabazaz betetzea da. 

Kalabaza nola hustu azaltzen duen Youtubeko bideo bat ere partekatu dute. Honakoa da:

Jalgik Gau Beltzaren testuinguruaz ere iritzia eman nahi izan du: "Estatu Batuetako Halloween jaiaren hotsak guregana iritsi aurretik, udazkeneko arratsalde ilunetan kalabaza arimadunek euskal herrietako bide-bazterrak argitzen zituzten", kontatu dute. "Azken urteetan, hainbat antropologo eta idazlek egindako ikerketetatik abiatuta, Euskal Herriko kultura eta dantza talde ugari ari dira gure herrietan Gau Beltzaren jaia berreskuratu eta berriro gure kaleetara ekartzen. Horixe da gure asmoa: Zarauzko kaleetan ere jai horren oihartzuna berpiztea", gaineratu dute.

Gogorarazi dute Gau Beltzarekin hasten dela neguko festen zikloa: "Badator negua, lurra lokartzeko garaia. Ziklo hori Santa Agedan amaitzen da, makilen hotsarekin berriro lurra esnatuz. Gau Beltzean, hildakoak hilobietatik ateratzen dira. Hildakoek eta bizidunek elkarrekin igarotzeko gaua irudikatzen du jaiak: hori bai, hildakoek bizidunak ezagutu behar ez dituztenez, bizidunak aurpegiak estalita aterako dira kalera".

Bestalde, jaia berreskuratzearekin batera, "haren jatorrizko euskal kutsua ere gorde nahi da, azken urteetan erruz zabaldu diren erdarazko trick or treat edo truco o trato esapideen ordez euskaraz tradizio luzea dutenei eutsiz. Esapide hauxe, adibidez: Xanduli manduli kirrikiki, eman jatekoa guri".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide