Gizarte inklusiorako proiektu berritzailea abian da Zarautzen

Aritz Mutiozabal 2025eko urriaren 24a

Xabier Txurruka, Eider Mendoza eta Maite Peña, laguntzadun etxebitziza bateko erabiltzaileekin. (Aritz Mutiozabal)

Gizarte bazterkeria egoeran edo arriskuan dauden pertsonak artatzeko Zarautz Oinarrian ekosistema komunitarioa sortu dute Zarauzko Udalak eta aldundiak.

Eider Mendoza diputatu nagusiak, Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak eta Xabier Txurruka Zarauzko alkateak Zarautz Oinarrian proiektuak barnebiltzen dituen hiru baliabideak –eguneko zentroa, etxebizitzak eta gaueko harrera– bisitatu zituzten atzo goizean. Proiektu horrek gizarte bazterkeria egoeran edo arriskuan dauden pertsonei arreta pertsonalizatua, komunitarioa eta integratua ematea du xede, eta esperientzia berritzailea da. Erakunde publikoen arteko lankidetzari esker, gizarte baztekeriari aurre egiteko eta erantzuteko "inklusiorako espazio integrala" aktibatzen asmatu izana goraipatu zuen diputatu nagusiak.

Mendozaren esanetan, egitasmo berritzailearekin "babesa eta zaintza pertsonalizatua" eskaini nahi ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak, Zarauzko Udalarekin eta Emaus fundazioarekin elkarlanean, pertsona horiek beren bizitza berreraiki dezaten. "Hain justu ere, bazterkeria egoeran edo arriskuan daudenei etxebizitzekin eta abarrekin akonpainamendu komunitarioa eskaintzea da gakoa, hori delako gizarteratzeko eta duintasunean bizitzeko modu onena", egin zuen azpimarra diputatu nagusiak.

Ildo beretik, Txurrukak adierazi zuen funtsezkoa izaten ari dela aldundiaren eta udalaren arteko elkarlana, eta atzokoa pertsonen gizarteratze prozesuan egiten ari diren urratsen berri emateko jardunaldia izan zela. "Egitasmo berritzaile hau Zarautzen ari gara gauzatzen, pertsonak erdigunean jarrita, beraien beharrei erantzuteko. Beraien bizitza aurrera ateratzeko jartzen ditugu baliabide hauek guztiak", zehaztu zuen alkateak.

60 lagunetik gora

2023ko otsailean jarri zuten martxan Etxetik gaueko harrera zerbitzua, eta hurrengo hilabeteetan, modu mailakatuan, gainerako zerbitzuak aktibatu zituzten: SEFAC Espainiako Farmazien Elkartea, gizarteratze beharrak artatzeko eguneko zentroa eta Oinarrian Habitat etxebizitza lagundua. Gisa horretan, elkarren osagarri diren zerbitzuen ekosistema bat abiarazi dute.

Eguneko zentroak zortzi eta hamar lagun artean hartzeko tokia du; laguntzadun bi etxebizitza daude, bost plazarekin. Horrez gain, gaueko harrera zerbitzurako bost plazako tutoretzapeko bi udal etxebizitza daude. 2023tik hona, 60 pertsona baino gehiago artatu dituzte aipatu baliabide eta zerbitzuetan, eta, egun, 23 lagun dira baliabide horietan arreta jasotzen ari direnak. Erakunde publikoetako agintariek zerbitzu horietako erabiltzaileen egoera ezagutu nahi izan zuten atzo, eta haien ekarpenak ere jaso zituzten, aurrera begira zerbitzua hobetzeko kontuan izango dituztenak.

Zarautz Oinarrian proiektuaren jarraipenaz eta garapen funtzionalaz Zarauzko Udaleko eta Zainketa eta Gizarte Politiketako departamentuko ordezkariek osatutako batzorde politiko teknikoa arduratzen da. Hala, inklusiorako lurralde estrategikoaren koherentzia eta indarrean den arau esparrua betetzen dela bermatzen dute. Aldundiak bideratu ditu baliabide ekonomikoak beharrezkoak diren ekipamenduak egokitzeko eta aurreikusitako zerbitzuak abian jartzeko.

Proiektuak, era berean, Urola Kostako eta Gipuzkoako beste udalerri batzuetarako erreferente izan nahi du. Mendozak, gainera, eredugarritzat jo zuen: "Beste herrietarako ere oso eredu ona da, eta baliatu behar dugu Zarauzko esperientzia, oso positiboa izaten ari delako erabiltzaile hauentzat. Lurralde osora hedatu behar dugu". Edonola ere, kontziente da oraindik ere gauza asko dagoela egiteko eta garatzeko.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide