Gabonei begira jarri da jada Udaberri jubilatuen elkartea, eta eskulanak egiteko ikastaroa antolatu du bazkideentzat. Bihar zabalduko du bertan izena emateko aukera; saioak, berriz, azaroan izango dira, astelehenetan eta astearteetan, 16:00etatik 18:00etara.
Bertan parte hartzen dutenek eskulan ezberdinak egiten ikasiko dute, eta horiek egiteko hainbat teknika uztartuko dituzte. Esaterako, argazkien albumak egiten ikasiko dute, Gabon oporraldian edota beste data berezi batean oparitu ahal izateko.
Halaber, elkarteak gogorarazi du zabalik jarraitzen duela Gasteizera egingo duten irteerarako izen emateak. Urriaren 30ean bisitatuko dute hiria, eta izen ematea elkartearen egoitzan egin daiteke.