Zuhar Iruretagoiena: "Sariaren onuretako bat da urte horretan zugan jartzen dela fokua"

Aritz Mutiozabal 2025eko urriaren 23a

Zuhar Iruretagoiena Gure Artea sari banaketa ekitaldian, ezkerretik hasita bigarrena. (E.J.)

Sorpresaz jaso du Zuhar Iruretagoienak Eusko Jaurlaritzak emandako Gure Artea saria. Epaimahaikideek bere sorkuntza lanean arreta jarri eta baloratu izana eskertu du.

Gaur zortzi banatu zituen Eusko Jaurlaritzak aurtengo Gure Artea sariak, Gasteizko Artium museoan, eta aitortzetako bat Zuhar Iruretagoienak (Zarautz, 1981) jaso zuen. Ohi bezala, hiru sari banatu zituzten, eta sorkuntzari dagokiona eman zioten zarauztarrari.

Gure Artea saria aitortza potoloa da, benetan. Espero al zenuen halakorik?

Ez nuen espero, inolaz ere. Ezuste galanta izan da. Oso zaila da halako sari bat norberari ematea, zeren ezaugarri baldintzatzaile asko daude artista baten edo bestearen aldeko hautua egiterakoan. Azken finean, artista asko gara, eta amaierako fasean bost izendatu egoten dira, kategoria bakoitzean. Bost horietako bat zu izatea benetan zaila da.

Ba al zenekien bost izendatuen artean zeundela? Finalistoi jakinarazten al zaizue?

Bai, hori guztioi jakinarazten digute. Uda hasieran abisatu zidaten, ekaina amaieran edo, baina saridunaren izena ez da jakiten irailaren erdialdera arte.

Lehenengo sorpresa, beraz, bosteko zerrenda horretan egotea izango zen, ezta?

Zalantzarik gabe! Niretzat izendatuen artean egotea jada opari bat zen. Izan ere, azken urteetan apur bat jokoz kanpo ibili naiz, amatasunean murgilduta egon naizelako. Orduan, orain atzera ekoizpenera itzuli naizen honetan norbaitek nire lanean arreta jartzea eta hautagaien artean txertatzea sekulako oparia izan da. Eta ondoren saria lortzea... hori jada egundokoa izan da.

Epaimahaikideek zure begirada kritikoa eta apurtzailea nabarmendu dute.

Egia da beti nabilela eskulturgintza lantzen eta sortzeko garaian tirabirak planteatzen ditudala, lanaren forma eta esanahia sortzeko orduan. Beti nabil eskultore begiradatik, alderdi batetik bestera, une oro neure burua zalantza jartzen. Pentsatu nahi dut hori baloratu dutela, eta gustatzen zait haiek hori aintzat hartzea.

Sari honek bestelako bultzada bat emango al dizu?

Espero dut baietz. Sariaren onuretako bat, diruaz aparte, hori da. Urte horretan zugan jartzen da fokua, eta horrek eragiten du jende asko, ordura arte agian zugan arreta jarri ez duena, zuri begira jartzea. Babes zabala duzu, epaimahai kualifikatu batek balioetsi zaituelako.

Baina zuk jada baduzu ibilbide potoloa eta oparoa...

Bai, baina ez naiz bakarra. Asko gara. Edonola ere, sari honek azken urteetako lanari egiten dio aitortza.

Orain, berriro martxan hasi zaren honetan, zer konta dezakezu sortzen ari zen lanari buruz?

Lanean jarraitzen dut, orain artean egin dudanari beste buelta bat eman nahian edo horretan sakontzen. Azkenaldian, esku artean izan ditudan proiektuak gainbegiratzen eta zorrozten ari naiz. Egia da une honetan ez dudala epe laburrera begira erakusketa handirik hitzartuta, baina nik beti izaten dut egitasmoren bat estudioan, eta horrekin nabil buru-belarri.

Aurreratu al dezakezu zer materiarekin ari zaren lanean edo zer ildo jorratzen ari zaren?

Une honetan ikertzen ari naiz eskulturaren eta artisautzaren arteko mugak, baita eskulturaren eta monumentalitatearen arteko mugak ere. Erabiltzen ari naizen materialei dagokienez, metalarekin eta aluminioarekin ari naiz gauzak egiten.

Aurretik egiten ari zarenarekin hautsiko al du sortzen ari zarenak, ala aurrekoaren jarraipena izango da?

Aurrekoaren jarraipena izango da, baina ezberdina ere bai, noski. Ikerketa horretan gauza ezberdinak topatzen zoaz, eta, jakina, zenbait gauzatatik urruntzen zara eta berriak txertatzen dituzu. Beraz, ezberdina izango da ziur.

Eta, orain, Gure Artea saria lortuta, presio handiagoa sentitzen al duzu zure hurrengo lana sortzerakoan?

Espero dut halakorik ez izatea. 44 urterekin espero dut kanpoko begiradek presiorik ez eragitea nigan. Jakina, batzuetan etortzen dira beldurrak, baina ni ekoizten ari naizenean, erakusketaren eguna iritsi arte ez naiz ikuslearengan pentsatzen hasten.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide