Datorren urteko udal aurrekontuei buruzko azken bilera egingo du gaur arratsaldean Zarauzko Udalak, Itxasmendin. Hilaren hasieratik ari dira auzoz auzo gaiaz hitz egiteko saioak egiten, orain arte egindakoen inguruan azalpenak emateko eta herritarren beharrak zein ekarpenak jasotzeko. Itxasmendiko Auzo Elkartean bilduko dira gaur, 18:30ean.
Halere, bileretara joateko aukerarik izan ez dutenek oraindik ere zabalik dute proposamenak telematikoki zein postontzien bidez aurkezteko aukera. Postontziak ondorengo kokalekuetan daude jarrita: Vista Alegre auzo elkartean, udaletxean, Sanz Enean, Udal Euskaltegian, Azken Portuko Kristau Biltokian, Aritzbatalde kiroldegian, Iñurritzako auzo elkartean eta HAZeko bulegoan. Era berean, aurten postontzi bereziak jarri dituzte landa eremuko bizilagunek posta jasotzeko erabiltzen dituzten etxoletan.
Telematikoki, berriz, bi bide daude ekarpenak egiteko: bata, partehartu@zarautz.eus helbide elektronikora mezua bidali daiteke eta bigarrena, udaleko webguneko Parte hartu atalera sartuta.