Bisita gidatu bereziak antolatu ditu Arte eta Historia museoak Gau Beltza ospatzeko

Ian Ruiz Lizaso 2025eko urriaren 23a

Bisitariak Zarauzko Arte eta Historia Museoko aztarnategiko hilobiei begira. (Zarauzko Arte eta Historia Museoa)

Zarauzko hilerririk zaharrena ezagutzeko aukera egongo da urriaren 31n, azaroaren 1ean eta 2an. Plazak mugatuak izango dira eta aurretik eman behar da izena.

Zarauzko Arte eta Historia museoak bisita gidatu bereziak antolatu ditu urriaren 31rako, azaroaren 1erako eta 2rako, Gau Beltzaren ospakizunarekin bat eginez. Santu Guztien Eguna azaroaren 1a denez, herritarrek hilerri zaharrena bisitatzeko aukera izango dute hiru egunez. 

Museoak adierazi duenez, egun bakoitzean bisita bat egongo da, 16:30ean hasita. Halere, urriaren 31n, ostiralean, 12:30ean ere eskainiko dute beste bisita bat. Ordubete inguruko iraupena izango dute saioek, eta euskaraz nahiz gazteleraz eskainiko dituzte. Parte hartzeko ezinbestekoa da aurretik izena ematea (2,10 euro), plazak mugatuak baitira. Horretarako, info@menosca.com helbidera mezua bidali behar da.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide