ZKE halterofiliako emakumeen taldeak Espainiako Erreginaren Kopa jokatzeko sailkatu da. Azaroaren 29an jokatuko dute kopa txapelketa Iruñeko Anaitasuna kiroldegian, eta han izango da Miren Galarragak, Lide Mendizabalek, Lore Mendizabalek, Malen Monasteriok, Mara Monasteriok eta Ainhoa Urkiolak osatzen duten Zarauzko taldea beste 11 talderekin batera.
Finala jokatzeko sailkapena lortu aurretik, kanporaketa fasea jokatu du ZKE. Jaon den zapatuan, Zarauzko Aritzbatalden jokatu zuten kanporaketa faseko azken jardunaldia, eta han gizonen eta emakumeen lehiak izan ziren. Emakumeen dema Iruñeko Anaitasunaren eta ZKE taldeen artekoa izan zen. Lan aparta egin zuten etxekoek, eta hala, kopa txapelketa jokatzeko sailkatu ziren emakumeak. Gizonen artean, berriz, Zizurkilgo (Gipuzkoa) Danok Danena, Antsoaingo (Nafarroa) Gazte Berriak eta Zaragozako (Espainia) Helios taldeak aritu ziren.
Zarauzko jardunaldiaren aurretik, beste hainbat egoitzatan jokatu dituzte kanporaketa lehiak, hala nola A Coruñan, Bartzelonan, Valentzian (Herrialde Katalanak), Madrilen, Melillan eta Tenerifen (Espainia). Guztira, hemezortzi klub aritu dira kanporaketa demetan –hamabost talde Ohorezko Mailakoak, bi Lehen Mailakoak eta bat Bigarren Mailakoa–, baina horiek guztietatik hamabik bakarrik lortu dute finalerako urratsa egitea, tartean Zarauzko taldeak. ZKE halterofiliako emakumeen taldeak laugarren postua eskuratuta lortu du kopa txapelketa jokatzeko sailkapena.
ZKE halterofiliako gizonen taldeak behin baino gehiagotan lortu du Espainiako Kopa jokatzeko sailkapena. Hain justu, 2003, 2004, 2016 eta 2017 urteetako Errege Kopan parte hartu zuen gizonen taldeak, baina azaroaren 29koa izango da emakumeen historiako aurreneko parte hartzea.
Ibilbide oparoa
ZKE halterofilia saileko emakumeen taldea ibilbide bikaina ari da osatzen azken urteetan. Aurten, gainera, Ohorezko Mailara igoera lortu du; taldea bigarren postuan sailkatu da Lehen Mailan, eta hala, mailaz igo da. Ordea, bi urtean hiru igoera lortu ditu emakumeen taldeak; izan ere, aurtengo igoera lortu baino lehen, Bigarren Mailara igo zen taldea duela bi urte, eta Lehen Mailara, iaz.
Klubak taldearen "gaztetasuna" azpimarratu nahi izan du; 15 urtez azpikoak dira bi atleta, 17 urtez azpikoak dira beste bi eta junior mailakoa beste bat. Dena den, kirolari horiek guztiak absolutuen mailan ari dira lehiatzen. Otsailean jokatutako 16 urtez azpikoen Espainiako Kopan, gainera, garaile izan ziren talde horretako partaide diren lau kirolari.