Zarautz-Palestina herri ekimenak, Ispilu Arteren laguntzarekin, Palestinaren aldeko elkartasun kutxara dirua bidaltzeko zozketa antolatu du, eta inguruko artista ezagunek dohaintzan emandako hogei koadro baino gehiago eta eskultura bat jasoko ditu zozketaren irabazleak.
Zehazki, honako artista hauek emandako lanak zozkatuko dituzte elkartasun egitasmoan: Hnos Legorburu, Iñaki Ruiz Egino, Kepa Landaluze, Ramon Aranzabal, Iñigo Ormazabal —hark hiru koadro eman ditu–, Moncho Trullos, Xabier Loiola, Aitor Sarasketa, Ramon Aranzabal, Mariane Pielholf, Viki Claramunt, Eva Azkue, Jose Antonio Legorburu, Lola Sarratea, Mertxe Arana, Javier Espigares eta Miguel Angel Alvarez.
Antolatzaileek zozkatuko duten obra osoa Ispilu Arteren galerian ikusi ahal izango da ostiraletik aurrera. Egun horretan izango da inaugurazio ekitaldia, 19:30ean hasita, eta herritar guztiak gonbidatu dituzte hara. Era berean, zozketa azaroaren 14an egingo dute galeria horretan bertan, hara joan nahi duten herritar guztien aurrean.
Txartelak, bestalde, bost eurotan salduko dituzte Ispilu Arten zein herriko honako gune hauetan: Pe a pa okindegian, Laia dendan eta Surtidor tabernan. Era berean, salmenta gune horietara joan ezin dutenek Whatsappez ere eskuratu ahal izango dituzte zozketarako txartelak, 615 70 76 35 telefono zenbakira idatzita. Kasu horretan, ordainketa bizum bidez egingo da, eta antolatzaileek erosleei dagokien txartelaren argazkia bidaliko diete.