Santa Klara komentuko Gau Beltzerako izen ematea zabalduko dute larunbatean

Ian Ruiz Lizaso 2025eko urriaren 22a

'Gau beltza' Jalgi dantza taldearen eskutik. (Utzitakoa)

Hilaren azken egunean, Santa Klara komentua arimez beteko da, eta Gurutxurtuko kideek beldurrez beteriko ibilbide bat prestatuko dute haur, gazte eta helduentzat, 00:30etik aurrera. 

Urriaren 31n ospatuko den Gau Beltza dela eta, Santa Klara komentua beldurrez eta sustoz beteriko eszenatoki bihurtuko dute. Aurreko urteetako arrakasta ikusita, Gurutxurtuko kideek LH5. mailatik  DBH4. mailara bitartekoentzat aurrez izen emateko sistema ezarriko dute. Hori dela eta, sarrerak larunbat honetan, urriaren 25ean, 18:00etan banatuko dira Musika Plazan. Taldeak hamar lagunekoak izango dira, adinaren arabera antolatuta, eta pertsona bakoitzak gehienez lau sarrera hartzeko aukera izango du.

16 urtetik gorakoek, aldiz, aurrez izena eman beharrik gabe parte hartu ahal izango dute. Haientzat sarrera egunean bertan egongo da zabalik, 00:30etik aurrera, hain zuzen ere.

Antolatzaileek parte-hartzaileei etxeko trapu zaharrez jantzita etortzea gomendatzen diete, giro beldurgarriagoa osatzeko. Hori horrela, arimez beteriko gauean, ausartenek izango dute komentua zeharkatzeko aukera. 

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide