Surf egokituko Europako Txapelketa jokatu dute asteburu honetan Nigrango (Galizia) Los Patos hondartzan, eta Zarauzko bizilagun Ibon Oregi txapeldunorde izan da Kneel kategorian. Maila handiko lehia izan zen finalekoa, eta Oregik eskura izan zuen podiumeko lehen postua, baina azken unean ihes egin zion garaipenak. Llywelyn Sponge Williams surflari galestarrak izan zen txapeldun, 11.77 punturekin, eta Oregi harengandik oso-oso gertu geratu zen, 0.20 puntura eskarera, 11.57 punturekin.
Finala hasi eta berehala buru jarri zen Zarauzko bizilaguna, 5.17 eta 6.40 puntuko bi olaturekin, eta luzaroan lehen postuari eutsi zion. Bukaera aldera, ordea, Spongek ezustekoa eman zuen. Irregular samarra izaten ari zen, eta 5.67ko olatu bat besterik ez zeukan, baina hartu zuen azken aukera ongi probestu zuen eta 6.10 baloratu zioten. Hala, 11.77 puntu lortu zituen, garaipena bereganatuz.
Maxime Cabanne frantzesa izan zen hirugarren 6.90 punturekin (4.00 eta 2.90), eta Oliver Vaughan galestarra, berriz, laugarren, 4,67 punturekin (2.30 eta 2.37).