Atzo eguerdian egin zuten Francisco Escudero Akordeoirako Nazioarteko 18. Konposizio Lehiaketaren sari banaketa ekitaldia, Modelo aretoan. Aurten, inoizko parte hartzerik handiena izan du sariketak, 40 herrialdetako 135 konpositoreren lanekin: 128 pieza aurkeztu dituzte kontzerturako lanen modalitatean eta zazpi pieza, berriz, lan pedagogikoen atalean.
Francisco Javier Sanchez Barajas konpositore valentziarrak irabazi du lehen modalitatean, kontzerturako obren atalean, kordeoi mesotonikorako El olor de la Guayaba 5 lanari esker. Konposizioak duen "tratamendu tinbriko ausart eta berritzailea" azpimarratu dute ebazterakoan. Epaimahaiaren aipamena, berriz, Christoffer Håård musikagile suerdiarrak lortu zuen, akordeoirako, saxofoi sopranorako eta gitarra elektrikorako idatziriko Lunga lanarekin.
Bigarren modalitateari dagokionez, Cristovao Almeida konpositore portulgarraren Por um fio de ar obrak jaso zuen lan pedagogikoen lehen sari. Hiru akordeoi eta elektronika uztartzen dituen pieza da Almeidarena, eta oinarriak jasotzen duen bezala, Hauspozek obra berri bat idatzeko enkargua egingo dio irabazleari, lan ildo pedagogikoari jarraipena emateko.
Ekitaldian, aurreko edizioko lan sarituak estreinatu zituzten Jessica Reis, Julen Murga, Irene Miguel, Rebecca Goodman, Garazi Navas eta Juan Matías musikariek: Stefano Bonilauriren Vento, piangi veloce, Elias Frisken In Silhouete, Tomasz Skweresen Fear eta Lucien Danzeisenen Muntogna Magica, hain zuzen ere. Era berean, Garazi Navas eta María Zubimendik osatutako Expressio Duo bikoteak Jesus Guridiren bi transkripzio eskaini zituen.
Ekitaldian hartu zuten parte Francisco Escuderoren seme Francisco Mari Escuderok, Zarauzko Udaleko ordekariek –Xabier Txurruka alkateak eta Garbiñe Oiarbide zinegotziak–, eta Hauspoz elkarteko lehendakari Arantza Agirrek. Azken honek eskerrak eman zizkien erakundeei eta azpimarratu zuen lehiaketak “gero eta oihartzun handiagoa” duela nazioartean eta Zarautzek “XXI. mendeko konposizioaren topagune garrantzitsu” bihurtu duela.