53 urteko emakumearen hilketa salatzeko protestak egingo dituzte arratsaldean

Julene Frantzesena 2025eko urriaren 17a

Hainbat lagun hilketa matxista bat salatzeko Zarautzen egindako elkarretaratze batean.

Herenegun aurkitu zuten Zarauzko Itsasmendi auzoko etxebizitza batean 53 urteko emakumearen hilotza. Ertzaintzak 47 urteko gizon bat atxilotu du hilketa egotzita. 19:00etarako elkarretaratzea deitu du udalak Lege Zaharraren Enparantzan, eta herriko hainbat eragilek, berriz, manifestazioa, 19:15erako.

Herenegun Itsasmendi auzoko etxebizitza batean hilik aurkitu zuten 53 urteko emakumearen hilketa salatzeko protestak izango dira gaur arratsaldean Zarautzen. Batetik, udalak deitutako elkarretaratzea izango da, 19:00etan hasita, Lege Zaharraren Enparantzan. Haren segidarako, 19:15erako, manifestazioa deitu dute herriko hainbat eragilek –tartean, Mugimendu Feministak eta Itaiak–; plaza horretatik abiatuta egingo dute mobilizazioa, Erailketa matxistarik ez lelopean.

Gainera, Zarautzen ez ezik, eskualdeko beste hainbat herritan ere egingo dituzte hilketa salatzeko protestak. Aian, esaterako, hango Emakume Taldeak deituta elkarretaratzea egingo dute 19:30ean, plazan. Urola Erdiko Itaiak, berriz, bailarako hiru herritan deitu ditu elkarretaratzeak: Azkoitian, Azpeitian eta Zestoan, 19:00etan elkartuko dira plazetan Indarkeria matxistari aurre egin!  lelopean.

Atzo jakinarazi zuen Ertzaintzak Zarautzen 47 urteko gizon bat atxilotu zutela, 53 urteko emakume bat hiltzea egotzita, eta gertatutakoa ikertzen ari zela. Udal ordezkariek hilketa salatzeko adierazpen instituzionala onartu zuen atzo arratsaldean bertan, eta Xabier Txurruka alkateak irakurri zuen adierazpen horretan zehaztu zuen erakundeak hilketa matxista izan zela. Ertzaintzak gaur baieztatu du hilketa matxista izan dela.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide