Euskal Herria Mendi Erronkari dagokion bigarren etapa egingo du Pagoeta mendizale elkarteak datorren igandean, hilaren 26an. Guztira, 17 kilometroko ibilbidea osatuko dute mendizaleek, Betelu, Aralar eta Albin zeharkatuz eta hangoko paisaia ederrez gozatuz.
2014. urtean du jatorria Euskal Herria Mendi Erronkak (EHME). Luzeera handiko mendi lasterketa da, lau etapatan banatutakoa. 67 kilometroko ibilbidea da guztira, 7.200 metroko desnibelarekin. Bigarren etapan Irumugarrietako tontorra igotzen da, Aralarko tontorrik garaiena, hain zuzen. Ibilbideko punturik altuena da, 1.431 metrorekin, eta erronka guztiko altuera baxuenetik abiatuko dira partaideak, 222 metrotatik.
Hori hala, igandean, 07:30ean jarri dute irteerarako hitzordua, Agoueseneko biribilgunean. Izen ematea, berriz, Mendizabal kinkila dendan egin behar da, eta horretarako aukera bihartik ostiralera egongo da zabalik.
Antolatzaileek jakitera eman dutenez, erronkan zehar osatuko dituzten etapek ez dute zailtasun teknikorik izango. Hala eta guztiz ere, zalantzaren bat dutenek honako lotura honetan kontsulta ditzakete ibilbideen zehaztasun guztiak.
Datozen etapak
Erronkako hirugarren etapan, 2026ko udaberrian egingo dutenean, Albin, Aralarren eta Lekunberrin barrena ibiliko dira mendizaleak (zortzi kilometro), eta, 2026ko udaberrian gauzatuko duten azken etapan, berriz, Lekunberri, Iriber eta Leitza igaroko dituzte oinez (20 kilometro). Pagoeta mendizale elkarteak aurrerago emango du etapa bakoitzerako izen ematearen berri.