Aurtengo Gure Artea sariak banatu zituen Eusko Jaurlaritzak atzo arratsaldean, Gasteizko Artium museoan, eta aitortzetako bat Zuhar Iruretagoiena zarauztarrari egin zioten. Ekitaldian parte hartu zuten Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Andoni Iturbe Kulturako sailburuordeak eta Ana Lopez Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako zuzendariak.
Ohi bezala, hiru sari banatu zituzten: ibilbide artistikoa aitortzekoa, sorkuntza lanari dagokiona, eta eta arte plastikoetan eta ikusizkoetan eragileek egindako lana aitortzen duena. Iruretagoienak sorkuntzari dagokion saria jaso zuen, hain zuzen ere. "Begirada kritiko eta ikertzailetik formaren, materialtasunaren eta sinboloaren arteko tirabirak aztertu dituen proiektu artistikoaren sendotasunagatik" nabarmendu dute Arte Ederretan doktore eta EHUko irakasle zarauztarra..
Ibilbide artistikoaren aitortza Jon MIkel Euba zornotzarrari egin zioten, eta eragileek egindako lana aitortzen duen saria, berriz, Garikoitz Fraga bilbotarrak, Belleza Infinita argitalpen proiektuaren inguruan egindako lanagatik. Saritu bakoitzak 20.000 euro jasoko ditu.