Heriotza Perinatalaren Nazioarteko Eguna ospatzen da urriaren 15ean, eta iaz bezala, hainbat familiek bat egin zuten atzokoan ere Zarautz Herri Zaintzaileak eta Esku Hutsik taldeak deitutako elkarretaratzearekin. Hain zuzen ere, Amalur parkean batu ziren familiak, "hausnarketak partekatzeko eta denon minak jasotzeko" asmoz.
Zarautz Herri Zaintzailea 2018. urtean abiatu zen, besteak beste, zainketen, heriotzaren eta doluaren inguruan pedagogia egiteko asmoarekin. Guztira lau partaidek osatzen dute taldea, hala nola, Iñaki Peñak, Anjel Irastorzak, Aizpea Manterolak eta Miriam Mendozak. Proiektuaren helburua "ikusezina ikusarazteko espazioak irekitzea" da, eta komunitateari baliabideak ematea hori gauzatzeko.
Esku Hutsik, aldiz, haurdunaldian zein jaiotza inguruan umea hil zaien gurasoz osaturiko elkartea da, eta gertaera antzekoak izan dituzten familiei babesa ematea dute helburu. Besteak beste, familiei giza baliabideak eta materialak eskaintzen dizkiete, baita hauei bideratutako hitzaldi, tailer edota mahai inguruak antolatu ere.
Halaber, oroimen egunean hiri askok eraikuntza garrantzitsuak argiztatzen dituztela kontatu zuten atzo, eta aurten, Aritzbatalde kiroldegiko eraikuntza argiztatzea lortu dute. "Haurdunaldian, jaiotza inguruan edo jaioberritan seme-alabaren bat galtzeagatik doluan dauden familiei bakarrik ez daudela erakutsiko diegu", gehitu zuten.
Hori ez ezik, iaz martxan jarri zuten Dolu Kafea egitasmoari ere jarraipena eman nahi diotela kontatu zuen Mendozak. "Aurreko urtean lau familia elkartu ginen eta esperientzia oso ona izan zen. Aurten ere esperientzia bera errepikatu nahiko genuke", esan zuen.
